
Abenduaren 9an hasiko da Galder Bilbao "Txapi" algortarraren eta beste 12 euskal herritarren "
epaiketa prebentiboa", Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hori dela eta, hilaren 11rako (ostirala), mobilizazioa deitu dute Telletxe plazan. 20:00etan izango da hori. Horrezaz gain, epaiketa egiten den bitartean karteladak egingo dira egunero Algortan. Izan ere, 9an hasi, baina, 14, 15, 16 eta 17an ere izango da epaiketa. "Poliziaren arabera, ez zuten ezer egin, baina ETAn sartzeko bidean egon zitezkeen. Txapik ia 3 urte egin zituen kartzelan kontu honengatik", Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu duenez. 10 urteko espetxe zigorra eskatzen dute bakoitzarentzat. Bitartean, gaur bertan, Algortan jaio eta Errigoitin bizi zen
Marije Fullaondo Batasuneko mahai nazionaleko kide presoak asteazkenean urteak egin zituela ospatuko dute, Amnistia tabernan. Arratsaldeko zortzietan Telletxe plazan egin ohi den elkarretaratzearen ostean izango da hori, hau da, 20:30ean.