"Gazteok batera!" ekimenarekin bat egitera deitu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 4a, 18:25

Donostiako Ibaetako campusean agerraldia egin dute gaur esparru desberdinetan aritzen diren hainbat lagunek, "Errepresioaren aurrean... gazteok batera!" dinamikaren berri emateko. Joan zen astean Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz gazte independentisten aurka egin zen sarekada salatzeko sortu dute dinamika hori, eta dagoeneko 800 atxikimendu baino gehiago jaso ditu, norbanako nahiz talde desberdinena. Agerraldian gogora ekarri dutenez, joan zen asteko atxiloketak "Euskal Herrian eredu alternatibo baten alde lan egiten dugun gazte guztion aurkako erasoa" izan ziren eta "gazte eta konprometitu" izateagatik atzeman zituzten. Bitartean, bihar Durangon egingo den manifestaziora joateko deia egin diote euskal gazteriari. Arratsaldeko 5:30ean abiatuko da, azokatik bertatik. Bitartean, atzo, mobilizazio ugari egin ziren ikastetze eta campusetan. Argazkian, Leioa eta Erandioko campuseko elkarretaratzea / cc-by-nc Gaztesarea.

Gaurko prentsaurrekoan irakurritako idatzia:

Gaur hemen bildutako gazteok, esparru eta eragile ezberdinetan lan egiten dugun gazteak gara. "Errepresioaren aurrean... gazteok batera!" dinamikarekin bat egiten dugun gazteak.

Pasaden astean, Gazte Mugimenduaren kontra abiatutako operazio polizialaren berri izan genuen. 35 gazte atxilotuak izan ziren, nahiz eta egun 38 atxiloketaz hitz egin dezakegun. Horietatik 32 espetxeratuak izan dira Audientzia Nazionalaren aginduz, tartean inkomunikazioa pairatuz, eta beste behin ere gazteria errepresioaren jo puntuan kokatuz.

Atxilotutako gazteak, eremu ezberdinetan lanean dabiltzan gazteak dira, beste hezkuntza eredu baten aldekoak edota okupazioaren aldeko dinamiketan lan egindakoak, jai herrikoien bultzatzaileak eta mugimendu feministako kideak, aisialdi alternatibo baten aldeko gazteak edo gazte proiektu komunikatiboetan ibilitakoak dira.

Beraz, ez dugu gazte antolakunde baten kontrako erasotzat jotzen, baizik eta Euskal Herrian, eredu alternatibo baten alde lan egiten dugun gazte guztion kontra. Finean, gazte eta konprometituak izateagatik atxilotuak izan baitira.

Bestaldetik, gazteok gure proiektuak aurrera eramateko zilegitasun osoa daukagula argi utzi nahi dugu, beraz, independentziaren aldeko lana ezin da kriminalizatua izan, ezin da delitua bilakatu, asko baikara Euskal Herriaren askatasunaren alde lanean gabiltzan gazteak. Honekin batera, gazteon eskubide zibil eta politikoak errespetatuak izan daitezen exijitu nahi dugu, horretarako erasoaldi jarraiak etetea ezinbestekoa zaigulakoan, gure proiektuak askatasun osoz aurrera eramateko aukerak bermatuz.

Baina guzti honen aurrean, gaur, hemen, Euskal Herri luze zabalean eremu ezberdinetan lanean gabiltzan gazteak bildu gara, era bateratuan erantzuteko konpromisoa hartuz. Gazteria anitza eta zabala dauka gure herriak, eta hortik abiaturik, dinamika bateratuak abiatzeko unea iritsi dela uste dugu. Badaukagulako zer esan, zer eraiki eta zer erabaki, eta horretara goaz.

Honen erakusle dira, azken astean eremu ezberdinetan lan egiten duten eragileek plazaratutako irakurketa bateratuak.

Gazte proiektu komunikatiboek, operazioa salatzeaz gain, azalean utzi nahi izan dute, komunikabideek, gazteen kontrako erasoaren inguruan egindako desitxuratzea eta manipulazio interesatua, gazteon kriminalizazioa helburutzat hartuz.

Zenbait Gazte Asanbladen irakurketa bateratuan argi utzi dute, herri eta auzoetako gazte asanbladetan lanean dabiltzan gazteak direla atxilotutako askok, eta horregatik, gazte eredu akritiko, pasibo eta inkonformistaren kontra egiten dugun ororen kontrako erasotzat jo dute operazioa. Honekin batera beren elkartasun beroena adierazi diete atxilotutako gazteei.

Neska gazteek euren desadostasuna, amorrua eta mina adierazi ostean, espetxeratzeen arrazoi nagusia sistema kapitalista eta patriarkarra eraldatu eta herri honen eskubideen alde lanean aritzea dela adierazi dute. Honen aurrean Neska gazteak sutan daudela, eta beste jendarte eredu baten aldeko lanean
jarraitzeko konpromiso irmoa berretsi dute.

Kamaradak, gazte internazionalisten sareak, atxiloketak, Europar Batasunaren lege antiterroristaren onarpenetik Europa osoan hedatzen ari den gazteriaren kontrako errepresio estrategian kokatu dituzte; ala ere, Europako herrialde askotan buruturiko euskal gazteriarekin elkartasun ekimenak jarri dituzte Europako gazte mugimenduaren indarraren adierazle bezala.

Jai herrikoien aldeko mugimendutik ere, atxilotuak hainbat gazte konpartsa, koadrila, talde zein "peñetako" kideak direla eta, muxu handi eta alaitsua bidali ondoren, euren delitu bakarra herritik eta herriarentzat sorturiko jai herrikoien alde lan egitea dela azpimarratu, eta erasoak eten daitezen exijitu dute.

Ikasle Mugimenduak, gazte mugimenduaren kontrako eraso modura kokatu eta sistemaren aurkakotasuna izan dela atxiloketen arrazoia adierazi dute, ikasleek ere errepresioa egunero jasaten baitute hezkuntza sistema arrotzaren inposizioaren bidez.

Denek bat egin dute "errepresioaren aurrean... gazteok batera!" dinamikarekin eta gazteria batera erantzutera deitu dute.

Bukatzeko, hurrengo larunbatean, abenduak 5, arratsaldeko 5:30ean Durangoko azokatik abituko dugun manifestaziora deitu nahi dugu Euskal Herriko gazteria, gure eskubideen errespetuaren alde, kaleetan barrena oihu ozena zabalduz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun