Maria Jesus Aranburu sailburua izan da ordezkari gisa, eta adierazi duenez, euskara eta euskal kulturan “erreferente garrantzitsua den azokari babesa” eman nahi izan diote beste behin ere. Iaztik garbi zuten beren apustua hau izango zela edizio honi begira. EITB, GoiTB eta Hamaika TB-ren kazetaritza lanek osatuko dute egunez eguneko egitaraua eta, beraz, egunotan bete betean murgilduko dira zirrikitu guztiak ondo jaso eta zabaldu asmoz. Jon Irazabal azokako zuzendariak ere hartu du hitza eta giltza, izan ere, bera izan da sarrera nagusia irekitzeko ohorea izan duena.
Bertsoa break-a eta hip hop-a elkarturik
Elkartegian elkartu dira hiru arte modu hauek Aritz Sound Systemen gidaritzapean. Ehun bat lagunentzat prestatutako aretoa txiki geratu da eta askok eta askok, zutik ikusi behar izan dute ekitaldia.
Iñaki Viñaspre bertsolari arabarrak kantatu du agurra eta jarraian, Djefek ireki du bidea. Hip hopa zuzenean entzun ahal izan dute gaztetxoek. Barakaldo aldetik Maisha eta Raiko, eta Endika, Rufo eta beste hainbeste gazte aritu dira aretoa berotzen. Eta nola ez, Xabier Silveira eta Iñaki Viñasprek eman diote bertso-raparen ikutua. Bertsoaz gain, euskarazko hip hopa, break dantzariak eta beat boxaren nahasketek osatu dute erakustaldia.