Bihar Durangoko kaleak hartzera deitu du Itzubaltetako gazte mugimenduak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 4a, 23:43

Pasa den astean atxilotu eta espetxeratutako 32 gazteren eta gazte mugimenduaren aurkako erasoa salatu dute gaur iluntzean Itzubaltzeta / Romon. Bertako gaztetxean egindako prentsaurrekoan, gazteek jasandako torturak eta "muntaia-judiziala" nabarmentzeaz gain, itzubaltzetarrek argi utzi dute "sistema kapitalista patriarkarraren aurka lan egiteari uko" ez diotela egingo. Izan ere, "bulego politikoetan", gazteen esanetan (mp3), "jakin badakite, gainera, errepresioaren bidea antzua dela, gazte mugimendua herri, auzo eta ikastetxeetan errotua dagoela". Horregatik, "borrokatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi" eta bihar, larunbatean, Durangon 17:30ean egingo den manifestaziora deitu dute. Agerraldian, bertako gazte asanbladako, jai batzordeko, txosna batzordeko, Lurralde Zati Plana eta AHTren aurkako asanbladetako, Romo-Artatza ikastetxeko ikasle mugimenduko eta emakume gazteen asanbladako kideek hartu dute parte, herriko bertsolari, musikari eta kirolariekin batera. Era berean, herrian azken urteotan gazteek jasandako hainbat eraso salatu dituzte, "sistema eta errepresioaren aurrean gazteok batera" lelopean.

Itzubaltzeta gazte mugimenduaren oharra:

Itzubaltzeta / Romoko gazteriak haserre eta mespretxu osoa agertzen du pasa den astean hasi eta oraindik ere zabalik jarraitzen duen operazio politiko-polizialaren aurrean.

Dagoeneko 32 espetxeratu, beste horrenbeste tortura salaketa eta 90 lokalen miaketa izan dituen muntaia-judizialak gazte mugimendua kolpatu, beldurtu eta neutralizatzea izan du helburu.

Ez da kasualitatea izan Barañain, Judimendi, Zizur eta Zumaiako gaztetxeetan sartu izana; auzo-elkarteetan sartu eta bertako lan-materiala konfiskatzea; AHTren aurkako zein ikasle mugimenduaren kartel, eskuorri eta materiala delitu-frogatzat hartzea. Hori guztiori Madrilgo bulego politiko batetik ondo neurtutako estrategia izan da, gazte mugimenduak dituen espresio ezberdinak kolpatuz, gazteoi zigor eredugarria ezartzeko.

Baina 32 gazte antolatu eta borrokalariren espetxeratzeak gazte mugimenduari mina eman digun arren, ez dute lortu bilatzen zuten sakoneko helburua: hau da, gazteok, izuturik, sistema kapitalista patriarkarraren aurka lan egiteari uko egitea. Jakin badakite, gainera, errepresioaren bidea antzua dela, gazte mugimendua herri, auzo eta ikastetxeetan errotua dagoela, sarekada basatienaren bidez lepamoztu ezin daitekeena.

Herriz herri, auzoz auzo, ikastetxez ikastetxe, kapitalismoa suntsitu nahian antolatzen garen gazte kolektibo indartsua osatzen dugu. Gu, gazte kritiko eta antikapitalistak, beraien porrota gara; kate motzean eduki eta beraien mozkinen truke erosi nahi dituzten gazte otzan, esaneko eta alienatuekin ez dugu zer ikusirik.

Horregatik antolatzen gara gazte asanbladan, ikasle mugimenduan, proiektu txikitzaileen kontrako taldean, jai batzordean, mugimendu feministan edota proiektu komunikatibo alternatiboetan. Gu guztiok gara, eta osatzen dugu, gazte mugimendua. Sentsibilitate ezberdinetako gazteez osatua baina aniztasunetik bestelako gizarte eredu justu eta askerako elkartzen gara, txikiak izan arren handi izatera hel gaitezkeelako.

Erromon ere modu desberdinetan pairatu dugu gazteok kapitalismoaren errepresioa: orain bost urte Itzubaltzeta gaztetxea desalojatu zuten, bertako zazpi gazte auziperatuak izan zirela; auzoko institutuko zuzendaritza autoritarioak ikasleen eskubideak murriztuz joan da urtetik urtera, dekretu bidezko arau autoritarioak ezarriz, greba eskubidea ukatuz edota ikasle antolatuak espedienteak zabaltzearekin mehatxatuz; AHTren aurka antolatzen diren gazteetako batek hainbat epaiketari aurre egin behar izan die, ustezko garapen jasangarriaren teoriarekin bat ez egitearren; aurtengo udan, jai herritarren kontrako ofentsiba sufritu dugu, jai eredu herritar, euskaldun eta parte-hartzailea oztopatzearren.

Baina erasoak eraso, hemen jarraitzen dugu. Eremu eta arlo ezberdinetan antolatzen gara gazteok, sistema kapitalista patriarkalaren erasoaldiei duintasunaren eta askatasunaren hesiak jartzeko.

Sistemak ez ditu gu bezalako gazteak nahi ez gatzaizkielako erosoak; eta horregatik zabaldu nahi dute kriminalizazioaren eremua badakitelako gero eta gehiago garela esparru ezberdinetan lan egiten dugun gazteok.

Gaur, hemen, Itzubaltzeta gaztetxean, gazteok antolatzen eta borrokatzen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu. Erasoen aurrean lanean jarraitzea besterik ez dugu, hori baita sistema kapitalistari hortzak erakusteko bide zuzenena.

Bide batez, bihar, larunbatean, Durangon 17:30ean egingo den manifestaziora joateko deia egiten dugu.

Asko gara, antola gaitezen!

Sistema eta errepresioaren aurrean, gazteok batera!

Itzubaltzeta / Romoko gazte mugimendua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun