Leioako LABen salaketa:
Leioako Udaleko LABeko atal sindikaletik, Leioako hiritarren interesekoak izango diren datu batzuk publikoak egin nahi ditugu.
Udaltzaingorako oposaketak izan ezik, Udalak 90eko hamarkadatik darama Lan Eskaintza Publikorik (LEP) egin gabe. Horrek erakarri du, gaur egun daukagun behin-behinekotasun tasa altua. Lan talde osoa kontuan hartuta (funtzionarioak eta laboralak, Udalekoak zein erakunde autonomokoak), %51,5eko behin-behinekotasun tasa daukagu Leioan… Udaleko bi langiletik bat baino gehiago behin-behinekotasun egoeran dago.
Baina, zoritxarrez, hori ez da guztia:
• Bajak eta oporrak enpresa pribatuen langileekin ordezkatzen dira.
• Duela hilabete gutxi onartu da Lanpostuen Zerrenda (LZ) berria eta horretan ere Udalaren kontratazio politika berbera da, bederatzi lanpostu bitartekotasunean bete nahi dituztelako.
• Eskandalagarriak diren zerbitzuen azpikontratazioak, langileen baldintzak okertzen dituztenak eta zerbitzuak garestitzen dituztenak: muntaiak egiteko brigada, gazte informazioa… eta, zein arraro, horietarako Leioan oso ezagunak ditugun enpresak kontratatzen dituzte.
• Gauzak egiteko era kaotikoa, Lan inspekzioa ekarri duena. Lan inspekzioak, Udaleko 50 kontratu baino gehiago ikertu egin ditu.
LABetik, krisiari aurre egiteko beharrezkotzat jotzen ditugu kalitateko zerbitzu publikoak eta horregatik Leioako Udalari eta Gobernu taldeari (PNV eta EB-Aralar) exijitzen diogu seriotasuna zerbitzu horiek aurrera ateratzen dituen enplegu publikoa kudeatzerakoan, leioaztarrei kalitateko arreta eta zerbitzuak eman ahal izateko.
Horregatik, hauxe eskatzen dugu:
• Leioako Udalean daukagun behin-behinekotasun tasa altuarekin amaitzeko, lan-poltsak eratuz edo LEPak aurrera eramanez. lan horiek betetzeko orduan hiritarrak berdintasun egoeran egotea bermatu behar dutenak.
• Enplegu publikoaren kudeaketan obskurantismoa albo batera uztea.
• Azpikontratazioarekin eta pribatizazioekin amaitzea eta benetako zerbitzu publikoen alde apustu egitea.
Leioako Udaleko LABeko atal sindikala