Jone Uria Albizuri bertsolari algortarra nagusitu zen pasa den ostiralean Bertxoko sariketan.
Goiena.net-ek zabaldu duenez, Aramaioko Iturrieta sagardotegian jokatutako gazte sariketako finalean bertsolari "guztiek oso ondo jardun zuten". Txapela jantzi zuen Uriaz gain, Mikel Artola alegiarra, Enaitz Alustiza bergararra, Jokin Labayen arrasatearra, Iñaki Viñaspre abetxukoarra eta Ander Solozabal gasteiztarra izan ziren finalean, sagardotegia leporaino bete zuten 96 bertsozale eta bertsolarien hintxen aurrean. Agur puntuagarri originalak, zortziko nagusiko gai serioak, zortziko txikiko umorea, bakarkan puntuari erantzunak, kartzelako hamarreko txikiak eta koplaka abestuz "fin" ibili ziren bertsolariak, Manex Agirreren aginduetara. Dena den, entzuleen arabera Jone Uria Albizuri, saioko emakume eta bizkaitar bakarra, nagusitu zen Hala Bedi irratiak eta Arabako Bertsozale elkarteak antolatutako Bertxoko sariketan. Saioaren inguruko erreportajea Koska irratian, FMko 108.0n, entzun ahal izango da ostiral honetan, abenduak 11, arratsaldeko 6etatik aurrera. Izan ere, ostiralero Hala Bedi irratiaren "Bertxoko" irratsaioa eskaintzen du Uribe Kostako irrati libreak. Argazkian, Jone Uria txapela jantzita / cc-by-nc Leire Kortabarria - Goiena.net.