
Lehen datuen arabera, Ertzaintzak ez du uste
goizaldean Leioan gertatutakoa kale indarkeria ekintza bat izan denik. Ezezagunek 18 edukiontzi erre dituzte eta kalean aparkatutako zortzi ibilgailuk ere kalte handiak izan dituzte, sutearen ondorioz. Hala ere, agudo atera dira Espainia aldeko hainbat hedabide, suari egur gehiago botaz. Besteak beste,
Libertad Digital agerkariak ondoko titularra jarri dio albisteari: "Kale terroristek 18 zarama edukiontziri su eman diete Bizkaian" (esan gabe doa hau itzulpena besterik ez dela). Momentuz, PSE-EEko Rodolfo Aresen neska-mutilek kontrakoa esan arren, Eneko Arruebarrena Leioako alkate jelkideak ere iradoki du kale eraso baten aurrean egon gaitezkeela. Prentsara bidalitako gaitzespen oharrean aipatu duenez, "kiskalita, zikin, pobretuta eta minduta dago Leioa. Ekintza nazkagarri onek ez dio askatasun, justizia edo bake handiagorik ekarri gure udalerriari, ezta hemen bizi garenoi". Egileei dagokionez, "gizartean elkar bizitzearen zentzurik oinarrizkoena" ere ezagutzen ez dutela, adierazi du Arruebarrenak. Alkatearen hitzetan, "horretarako eskubide osoa izanda, ezberdin izan, sentitu eta pentsatzen duen hori errespetatzea, alegia". Bihartik aurrera kaltetuen erregistroa osatuko du
Leioako Udalak. Argazkian, Eneko Arruebarrena alkate leioaztarra prentsaurreko bat ematen.