EHE: "Euskararen herrian mugarik ez! Euskaraz bizi, Euskal Herri euskalduna eraiki!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 6a, 21:19

Urtero bezala, EHEk deituriko Ezabaketa Astea bukatutzat eman dugun honetan, egitasmoaren lehen balorazioa helarazi nahi diegu herritarrei; izan ere, urtero bezala, aurten ere dei egin baitiegu herritarrei euskaldunon hizkuntza zapalkuntza agerian uzteko ekimenean parte hartzera. Zentzu horretan, Ezabaketa Egun bezala hasi zen eta Ezabaketa Aste bezala bukatu duen ekimenak Euskal Herriko egutegian lekua egin eta egonkortu egin dela adierazi nahi dugu. Iragan azaroaren 23an hasi eta 29an bukatu zen ekimenak Euskal Herriko luze eta zabalean izan du oihartzuna, eta ehunka izan dira aste horren baitan ezabatu diren seinale, afixa eta panelak, astean zehar egin diren hainbat eta hainbat ekimen ezberdinek hartu dutelarik zentralitatea. Datu zehatzagoak ditugunean plazaratuko dugu Ezabaketa Asteak izan duen dimentsio erreala, baina ditugun datuekin ere, ekimenak arrakasta izan duela esan behar dugu. Argazkian, Eibarren egindako ekimena.

Ez dugu ahaztu behar, Euskal Herriko paisaia linguistikoa erabat erdalduna dela; kaleen izenak, herri-lanetako iragarpenak, oinarrizko kontsumo produktuen etiketak, errezetak, epaitegietako ebazpenak, erakundeetako formularioak eta abar luzeegi bat, erdara hutsez agertzen zaizkigula edonon, eta batzuetan, euskararentzat irain diren itzulpen kaskarren ondoan besterik ez direla agertzen, kasurik onenetan. Areago, Euskal Herria zatikatzen duten hiru administrazio ezberdinen artean diluitzen zaigu euskararen herria, eta horien artean mugitzean, jazarpen horren adierazle diren “Francia”, “Pais Vasco”, “Navarra” jartzen duten afixekin egin dugu topo han eta hemen. Guzti horren aurrean, herritar euskaltzaleek, berriro erakutsi dute euskararen defentsarekin duten konpromisoa.

Ekimen zaparrada

Aurtengo Ezabaketa Asteari markatzen genizkion helburuak dira, Euskal Herriko paisaia linguistikoan eraginez, euskaldunon hizkuntza eskubideen zapalkuntza agerian uztea eta Euskal Herria zatikatzen duten administrazioetatik eratortzen diren menpeko hizkuntza politika suntsitzaileen inguruan kontzientziazio lana egitea, eta hein handi batean helburu horien lortze bidean urrats berri bat egin dugula esan behar dugu.

Hainbat ekimen egin ditu EHEk herriz herri eta auzoz auzo. Lapurdi, Nafarroa Garaia eta Gipuzkoa lotzen diren puntu fisikoan, hots, Euskal Herria zatikatzen duten hiru administrazioek bat egiten duten muga faltsuan, hots, Endarlatsako zubiaren ingurumarietan, eman genion hasiera “Euskararen herrian mugarik ez! Euskaraz bizi, Euskal Herri euskalduna eraiki!” lelopean abiaturiko ekimenari eta aipatu leloak jasotzen zituzten pankarta erraldoiak bota genituen zubiaren inguru guztian. Hortik aurrera, Euskal Herriko beste lekuetan jaso dute ekimenaren lekukoa.

Hala, EHEk ekimena egin zuen Euskarabidearen egoitza nagusian eta “euskara ofiziala” jartzen zuten plastikozko tirekin oztopatu zituzten Xabier Azanzak zuzendutako Nafarroako Euskararen Institutuaren sarbideak. Areago, bertako afixak ezabatu eta pegatinaz josi zuten egoitza ekintzaile euskaltzaleek. Bestalde, Gasteizko Legebiltzar aurrean elkarretaratzea deitu zuen EHEk Isabel Celaá Hezkuntza Sailburuak abian jarritako euskararen kontrako erasoak salatzeko. Eibarren ere, Hezkuntza delegazioko bulegoan ezabaketak egin zituzten. Billabonan aldiz, egun osoko egitaraua prestatu zuten eta goizean goiz mural baten margoketarekin hasita, herritar andana batu zuten jai eta salaketa giroan. Lea-Artibai eskualdeko taldeek bat egin zuten bertako eta Mutrikuko Hitza egunkariaren kontrako erasoak salatzeko, eta Lea-Artibaiko mankomunazgoa Hitzaren orrialdez eta margoketaz josi zuten. Oiartzungo EHEk bertako osasun etxean egin zuen ekimena, sarrera ondoko paretan gaixo euskaldunentzat ate bat marraztuz eta osakidetzak euskaldunon hizkuntza eskubideen kontra egiten duela salatuz. Alta, ekimenen eta beren kokalekuen zerrenda ez da hor amaitzen eta luzerako doa gainera.

Bigarren mailako herritar

30 urte daramatza EHEk Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean urratsak ematen; 30 urte luze, euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako erasoak salatzen, euskararen normalizazio prozesuan akuilu lana egiten, euskaraz bizitzeko hautua hedatzen eta herritarrei ibilbide horretara atxikitzeko dinamikak eta espazioak eskaintzen. Halarik ere, duela 30 urte EHE sortzera eraman zuten funtsezko arrazoiak, tamalez, arnas betean direla egun esan behar dugu.

Euskaldunok bigarren mailako herritar izaten jarraitzen dugu; agerikoa da euskarak eta euskaldunok etengabeki jasaten ditugun erasoak, eta egun, gure sorreran gertatzen zen bezala, gure hizkuntza eskubideak ez bermatzeaz gain, ez dira errespetatu ere egiten.

Duela 30 urte EHEren sortzea eragin zuten arrazoiak indarrean dira egun oraindik, beraz; eta zentzu horretan euskaldunok bigarren mailako herritar izateari utzi eta euskarari lehentasuna emango dioten politika burujabeen bidez Euskal Herri euskaldunera heltzeko bidean irmo jarraitzen dugu aurrera. Euskal Herri euskalduna, euskaraz biziko den herria berreraiki nahi dugu; eta bide horretan, argi izan behar dugu zapalkuntza agerian uzten duten dinamikekin batera herri euskalduna helburu duten dinamika eraikitzaileak uztartzea beharrezkoa dugula. Baina euskarak lehentasuna behar du esparru guztietan, gugandik hasita. Gure egunerokoan, erdarekiko sumisioarekin hautsi eta euskaraz bizitzeko hautua lehenetsi behar dugu, norbanako bakoitzak egin beharreko autodeterminazio ariketa gisa. Honekin batera, espazioak euskalduntzea eta gaur egunekoak babestea biziki garrantzitsua zaigu une honetan. Bestalde, hizkuntza politika burujabea garatzeko eskubidearen aldarrikapenak garrantzi bizia hartzen du. Argi eta garbi esan behar dugu euskarari lehentasuna emanaz, berreuskalduntze prozesua helburutzat izango duen hizkuntza politika behar dugula, eta hori inongo kanpo esku hartzerik gabe Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea daukagula. Zer esanik ez, maila juridikoan, euskarak gaur eguneko menpeko estatusak gainditu eta lehentasunezko estatusa behar baitu Euskal Herri osoan. Ofizialtasunaren aldarriak beraz, inoiz baino gaurkotasun handiagoa dauka egun, eta EHEk bide horri arnasa ematen jarraitzeko hautuan dihardu.

Euskal Herrian Euskaraz
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun