
Ezezagunek igande goizaldean
Leioan eragindako suteek 19 edukiontzi eta 8 ibilgailu kiskali zituzten, udal iturriek prentsa ohar bidez zehaztu dutenez. Eraikin baten kanpoko aldeak ere kalteak izan zituen. Tokiko agintarien hitzetan, "suteak herriko hainbat zonalde desberdinetan eman ziren jarraian eta denbora tarte laburrean, goizaldeko 2:13 eta 2:25 artean, hain zuzen ere. Lehenengoko deia Independentzia kaleko herritar batena izan zen, eta azkena Mendibilbarrikoa". Hain zuzen ere, Independentzia kalean bi edukiontzi erre zituzten, Kandelazubietan bi edukiontzi eta ibilgailu bat, Ikean bi edukiontzi eta bi ibilgailu, San Juanen bost edukiontzi eta ibilgailu bat, Mendibilen lau edukiontzi eta Mendibilbarrin lau edukiontzi eta lau ibilgailu. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da eta,
Leioako Udalaren arabera, "momentuz ez da inongo hipotesirik baztertzen". Hala ere, hasieran, kale indarkeria ekintza bat izan zitekeenik ez zuela uste zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak. Gaizkilea piromano bat izan daitekeela zabaldu dute hainbat iturrik. Argazkian, auto eta edukiontzi bana kiskalita Ikea Mendi kalean / © Leioa.net.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.