Irantzu Gallastegi Berangoko euskal preso politikoa eta bere bikotekide Xabier Garcia Gaztelu "Txapote" galdakoztarra abenduaren 10ean, osteguna, epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. atalean, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez baieztatu duenez. Efe albiste agentzia espainolak zabaldu du Jose Ignacio Iruretagoyena Zarauzko PPko zinegotziaren hilketagatik epaituko dituztela biak. 1998ko urtarrilaren 9an, bonba-auto batek eragin zion heriotza. Epaiketa maiatzaren 28an egitekoa zen, baina bista bertan behera uztea eskatu zuen Blanca Martinez fiskalak, deklaratu behar zuen "lekuko nagusietako bat" ez zegoelako. Gallastegi eta Garcia Gaztelurentzat 61na urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak, "hondamendi terrorista (18 urte), erailketa terrorista (30 urte) eta zauri terrorista (13 urte)" beste hainbat delitu egotzita. Halaber, zigorra bete eta bost urteko epean, Zarauztik, kilometro erdi baino gutxiagora hurbiltzea debekatu nahi diete. Bestalde, Iruretagoyenaren oinordekoei 300.000 euroko kalte ordaina ematea eskatzen diete; eta beste 1652,78 euro ibilgailuan eragindako kalteengatik. Zarauzko Udalari, berriz, 985,44 euro ematea eskatzen dute, higiezinetan eragindako kalteengatik. Argazkian, Gallastegi eta Garcia Gaztelu 2006ko ekainean egin zieten epaiketan / publicdomain Etengabe.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!