Butroiko Plazentia Elkarteak denboraldi berrirako aurkeztutako erakusketak eta katalogoak itsasoan hil ziren marinel plentziarren oroigarri izan nahi dute, tokiko iturriek aipatu dutenez. "Aspaldiko garai haietan, asko eta asko ziren (plentziarrak zein gure herriarekin loturaren bat zutenak) naufragioetan itota hil zirenak, eta hori, gainera, nazio guztietako hainbat itsasontziri gertatzen zitzaien. Zeharkaldiak arriskuz beteta zeuden. Izan ere, kapitainen trebetasuna handia izanda ere, urakan, ekaitz, korronte, laino, gerra‑ekintza eta horrelakoei begira egon behar zen denbora guztian", azaldu dute Plentziako Itsas Museoko arduradunek. Gauzak horrela, 1900etik gaur arteko epea hartu dute, eta, hurrenkera kronologikoan jarrita, erakusketak 14 auzokoren historia kontatzen du, baita itsasontziarena eta heriotza ekarri zien istripuarena ere. Historia horietako bat Principe de Asturias baporearena da (garai hartan Titanic esaten zioten): 1916an, zoritxarreko amaiera izan zuen Punta Boi inguruan (Brasil), eta bertan 425 pertsona hil eta 143 bizirik atera ziren. Itsasontziko kapitain Jose Patricio Lotina Abrisketa eta bertako makineriako buru Dionisio Oñate Torrontegi, biak plentziarrak, hil egin ziren. Argazkian, erakusketa iragartzeko kartela.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!