Asteazkenera arte dago aukera bertsolari txapelketako finalerako bi sarrera eskuratzeko zozketan parte hartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 7a, 20:28

Berbots Erandion Euskaraz! elkarteko kideek Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako bi sarrera zozketatuko dituzte, txapelduna zein izango den asmatzeko asmoz kinielatxoa bidaltzen dutenen artean. Abenduaren 9a, asteazkena, izango da horretarako azken eguna, eta hurrengo egunean egingo dute zozketa, arratsaldez. Parte hartu nahi duten guztiek mezua idatzi beharko dute, berbotserandio[abildua]telepolis.com e-posta helbidera. Irabazleari e-postaz jakinaraziko diote. Bestalde, Berbotsek abenduaren 18rako, ostirala, antolatu du Erandioko aurtengo bertso-jira. 20:30etik aurrera, Altzagako La Plaza tabernan hasita, Fredi eta Xabi Paya arituko dira bertsotan, eta Roberto Etxebarria eta Kepa Arrizabalaga trikiti doinuak eskaintzen. Bestalde, Astrabuduako Josu Murueta kultur gunean bertsolaritzaren inguruko argazki erakusketa paratu dutela gogoratu du Berbotsek. Hilaren 11ra arte ikusi ahal izango dira Raul Bogajo, Gari Garaialde, Galder Izagirre eta Alberto Elosegi argazkilarien lanak. Argazkian, iaz Sustrai Colina eta Amets Arzallus bertsolari lapurtarrek abestu zuten Erandioko bertso-jiran.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun