Beste urte batez, Sahararen aldeko euskal karabanarekin bat egin du Gorlizko Udalak, "Piztu itxaropena" leloari helduz. Horrenbestez, elikagaiak (azukrea, atuna eta sardinak oliotan, arroza, pasta eta lekale lehorrak) eta higiene-gaiak (konpresak) batzen hasi dira jada. Horiek guztiak urtarrilaren 8ra arte eraman ahal izango dira kultur etxera (Ibarrena etxea, Krutzeta kalea 5), edo udaletxeko bulegoetara (beheko solairuko harrera gelan). Diruz lagundu nahi dutenek, berriz, Caja Laboralaren ondoko kontu zenbakian egin dezakete: 3035-0080-94-0800054177. 2001eko martxoan Saharako Guera herriarekin senidetu zenetik, hainbat ekimenetan hartu du parte Gorlizko Udalak, saharar herriari laguntza emateko. "Hango herritarrak bidegabeko erbestean bizi dira azken 34 urteetan, Aljeriako Saharako basamortu latzean", azaldu dute tokiko agintariek. Argazkian, azaroaren 14tik Lanzaroteko aireportuan gose greban dago Aminatu Haidar ekintzaile sahararra, Marokotik egotzia izan eta pasaportea kendu eta gero irla horretara itzultzera behartua izan ostean, poliziaren fitxan herritartasun marokoarra jarri nahi ez duelako / cc-by-sa Saharauiak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!