Imanol Landak joan den ostiralean egindako prentsaurrekoan aipatutakoaren arabera, diru-sarreren gutxitzea Udalkutxaren diru-ekarpena jaitsi egin delako gertatu dela, 55 milioitatik 48 milioi eurotara; zerga eta tasengatik Udalak diru gutxiago ere jaso duelako (3 urtetan bere horretan izan dira eta zaramaren gaineko tasa %30 gutxitu da), eta horren ondorioz, azkenean zerga bilketagatik 15 milioitatik 13,6 milioi eurotara murriztu da, hau da, 1,4 milioi euro gutxiago. “2010ko aurrekontuak prestatzerako orduan errealitate gordin honi egin beharko diogu aurre”, esan zuen alkate getxoztarrak (mp3).
Gerrikoa estutu behar
Alkate getxoztarrak azaldu zuen aurreikusitako diru-sarrerekin, "logikoki", aurrekontuaren erantzuna “arloen gastuan gerrikoa azken zuloraino estutu behar dela baino ezin dela izan. Hau da, ahalegin aparta egin dugu Udalaren gastua murrizteko, oro har, arlo guztietan %11,7 gutxituz, gizarte zerbitzuetan salbu, hauek %3,4ko igoera izango baitute, gobernu talde honen konpromisoa krisialdiaren zigorra gehien jasaten ari direnentzako gizarte-estaldurak bere horretan uztea baita”.
Baina lehentasun horretaz gain, Landak aipatu zuen "lehentasunezkotzat" jotzen duela inbertsio maila handiarekin segitzeko eskura dauden baliabide guztiak erabiltzea, "aurrekontuak berak jasotzen dituen 6,4 milioi euroei Inbertsiorako Estatu Funtsaren 8 milioiak eta oraindik zehaztu gabeko 2009ko Diruzaintzako soberakinak gehituko zaizkielako". Hartara, besteak beste, Getxo Antzokia, Itzubaltzeta / Romoko Kultur Etxea, Neguriko Gernika Parkea eta saneamendu sareko lanak egiteko "konpromisoak bete" ahal izango dira, "Getxo eraldatzeko eta modernizatzeko prozesua bultzatzen segitzeko helburuarekin". Halaber, lehentasunezko helburuen artean dago ere udalerriko ekonomiaren sustapenaren aldeko apustua, tokiko arduradunaren arabera; "bereziki gure dendak eta gure enpresak garatu aldera, zeren eta gainera –nabarmendu du Imanol Landak– uste osoa dugu hauxe dela unea lan egiteko, instituzio bezala, enplegua eta aberastasuna sortzen jarraitzeko. Zentzu honetan, 2010reko, Getxolanek dituen baliabide arruntak ez ezik, Ekonomia Dinamizatzeko Aparteko Plan berria ere proposatzen da. Milioi bat eurokoa da egitasmoa eta honi esker dendak laguntzen segitu ahal izango dugu kanpaina, kontrataziorako diru-laguntzen, edo gure erdiguneak hobetzeko lanen bitartez”.
Jaietako aurrekontuak ere murriztu nahi dituzte
Landa buru duen taldeak aurkeztutako proiektuan udal arloen gastua %11,7 gutxitzea jasotzen da. Horren adibide bezala jarri zuen alkateak udaletxe barruko eta erakunde autonomoen gastuetan eta jaietako aurrekontuetan gastu kopurua jaitsi egingo dela. Erdi Aroko edo ekologia azokak, berriz, ez dira egingo.
Azkenik, Imanol Landak adierazi du aurrekontuaren aldetik "ahalegin handia" egingo dela elkarteentzako subentzio eta diru-laguntzak bere horretan uzteko, "elkarte horiek gure gizartearen funtsezko esparruetan egiten dutelako lan, hala nola, gizarte zerbitzuetan (familia, hirugarren adina, gutxituak), berdintasunean, gazterian, kulturan, kiroletan, euskaran, ...” "Guztiek osatzen dute, udal instituzioaren lanaren osagarri diren aldetik, Getxoko gizartearen benetako kemena, eta, hortaz, horiek indartzearen aldeko apustua garbia da”, esan du azkenik alkateak.
Ikusi prentsaurrekoaren bideoa: