Gutxienez 3 laguneko lan taldea (funtzionamendua zeharo normalizatua izateko 5 lagunekoa behar luke) eskatzen duen proiektua 12 urtez (izaera profesionalaren aldeko apustua egin genuenetik) lagun bakarreko lan taldeaz mantendu da: zuzendari-malabarista alegia; sail guztiak eraman eta lan kopuru itzel eta dinamika gogorrari aurre egin behar izan dielarik “ia bakarrik” urte hauetan barrena (ekoizpena eta koordinazioa; testuen orrazketa eta zuzenketa; administrazioa eta kontabilitatea; finantzaketa; harpidetza; publizitatea; komunikazioa eta zabalpena; sustapena eta sare soziala; euskalgintza; kanpainak eta ezohiko kultur jardunak; erakundearen barne funtzionamendua eta beharrak…).
Baina egun ezta egitura ahul honi eusteko ere ez dago, eta egoera desegonkor honen aurrean aldizkaria behin-behinez “ixteko” (itxiera alternatibaduna) erabakia hartu da; aurrerago era ludikoan eusteko saialdia egingo baita, aldizkariak izaera profesionalari agur esaten diolarik.
Ildo horretatik, egoera honetan ezin aurrera jarraitu, baina GEUk ez dizue behin betiko agur esan nahi. Marka ezin hobeto gordeta dago: bidean funtsezkoa izandako taldekide eta bidaidea, esan bezala, saiatuko da etorkizunean zerbait sortzen GEU markarekin. Beste era eta izaera batez, beste maiztasunez, ahal denean eta ahal bezala, modu ludikoan, hiriko puntu nagusienetan eskuratzeko moduan… Baina une hori heldu orduko itxaron beharko da.
Asko egin da GEUk dituen 17 urteotan, baina azkenean ez dugu gure ametsa lotzerik izan: ezin izan dugu funtzionamendua normalizatu, ezin izan dugu izaera profesionala garatu, ez dugu gurean kolorea sartzerik izan… Askotariko ateak jo ostean, denetiko gorabehera eta faseetatik pasa ostean… Urtetan lortutakoa ez da jarraitzeko nahikoa izan…
Egitasmoarekiko blindaje ezan dakusagu ezintasunaren gakoa… “Rasca y gana” delako dinamikaren pean funtzionatzera behartuta egon gara urte batean bai eta hurrengoan ere, eta horrela zaila da aurrera egitea, jauzi egitea… Aurtengo azarorako 200. aleko galaren prestaketa lanekin hasiak baginen ere, bertan behera utzi behar izan genuen; 200. ale berezia ere ezin izan da atera; webgunea ere geldirik dugu eta ezin izan da berritu eta berriro ere martxan jarri… Ezinak eta eragozpenak nonahi… Horrela ez dago egitasmo bati eutsi eta berau garatzerik.
… Eta datorren urterako aurreikuspenak are okerragoak dira.
Egungo GEU aldizkariak, bada, agur esaten dizue etorkizuneko aukera horri paso emanez…
…Eta nik, 12 urteren ostean, nire agurrik eta eskerrik beroenak luzatu nahi dizkizuet:
…harpidedun eta iragarleei (hemendik aurrera, beraz, ez duzue GEU aldizkariaren kobrantzarik jasoko…).
…kolaboratzaileei… finkoak, aldirokoak…garai batekoak, oraingoak…; batzuei bereziki…
…hornitzaileei eta gure urteurren eta ale berezietako jai edo galetako parte-hartzaileei…
Agurrak ez dira atseginak izan ohi, baina nik nahiago GEU aldizkariak urteotan euskararen alde ekarritakoari eta utzitako aztarnari erreparatzea, kalitatez, sendotasunez eta maitasunez lan egin den seinale… Zuek guztiok behar bezala agurtzeko betarik ez dago, horregatik izan bedi 2007an egindako gala arrakastatsua zuontzako agurra, “gure estiloan”: uztarketaz, gogoaz eta gozamenaz, alaitasunez, aniztasunez, zabaltasunez, naturaltasunez, modernitateaz, baikortasunez, gertutasunez, emanez eta erakarriz… Hori izan baita GEU aldizkariaren “zigilua”, hori baita euskararen etorkizunaren gakoa…
Niretzat urte gogorrak izan dira, baina aldi berean egitasmoa aurrera ateratzeko eta berriztatzeko motibazio handikoak, non une gozoetarako tarteak ere topatu ditudan; eta pozik noa egindako lanarekin, GEU aldizkaria beti bihotzean eramango dudalarik.
Agur bero bat zuoi, bidaia on hurrengoari eta gora bihotzak!
Estitxu Breñas Glz de Zaratek, GEU aldizkariaren zuzendaria1997ko abendutik 2009ko abendura, idatzitako artikulua