Getxoartek 9.000 bisita hartu ditu aurten

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 9a, 18:58

Iaz baino arrakasta handiago izan du aurten Areetako arte sortu berrien aretoak. Izan ere %6 gehiagok ikusi du erakustaldia. Guztira, 9.000 bat lagun egon dira Getxoarten. Erakusketa igandean amaitu zen eta hiru egunez 60 artista gazteren lanak egon dira ikusgai. Artistak, galeristak eta artearen hainbat profesional bildu dira arte berrien topagune bilakatu den erakusketa horretan. Getxoko Kultur Etxetik azpimarratu dutenez, "originaltasuna, freskotasuna eta ausardia izan dira parte hartzaileen lanen ezaugarri nagusiak. Halaber, aurten ere konfirmatu da erakutsitako obren kalitatea gora doala eta gaur egungo artearen joerak jarraitzen dituztela". Lanen aberastasunaz, heterogeneotasunaz eta bitxitasunaz gain, artista gazteek erakutsi dute erakustokien lekua eta beren eskura izan dituzten baliabideak ondo aprobetxatzen dakitela ahalik eta itxurarik erakargarriena lortzeko. Honek adierazten du partaideen profesionaltasun maila handia dela, nahiz eta artisten batez besteko adina 21 eta 25 urte artekoa izan. Horietako askorentzat publikoaren aurrean beren lanak erakutsi dituzten lehenengo aldia izan da.

Oraingo honetan ere, Arte Berrien Aretoak artisten eta publikoaren partaidetza bultzatzen duen ekimena dela erakutsi du. Bisitariak inolako oztoporik gabe mintzatu ahal izan dira artistekin erakutsitako obrez. Horri esker sortzaileen eta publikoaren arteko harreman zuzenak sortzen dira eta hau ez da batere ohikoa mota honetako erakustaldietan. Halaber, hainbat artistak beren lehenengo salmenta profesionalak egiteko aukera izan dute. Horrek guztiak Getxoartek izan nahi duen esperientzia praktikoa hobetzeko balio du.

Arte berritzailearen foroa

Getxoartek arte berriak zabaltzeko foro bat izatea izan du asmo nagusi ekimen hau sortu zenetik. Azken urteotan erakustaldi hau sendotu egin da eta artista gazteen lanak bultzatzeko helburua ondo betetzen ari da. Arte Sortu Berrien Aretoan, artistek era zuzen eta xumean ezagutzera ematen dituzte beren obrak; izan ere, Arte Berrien Aretoan proposamen artistiko oso pertsonalak ikus daitezke. Bestalde, artista berriak ezagutzera emateko, katalogo bat argitaratzen da. Besteak beste, parte hartzaileen curriculuma eta obrak erakusten dira arte munduko profesionalei bidaltzen zaien argitalpen honetan. Halaber, museotan eta arte aretoetan ere banatzen da katalogoa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun