Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko zazpi udalerrietan euskara sustatzeko
Berbalagun ekimenak hainbat jarduera antolatu ditu datozen egunetarako. Hasteko, bihar, ostegunarekin, bertso saioa jarri dute Sopelako Lamia tabernan, iluntzeko 8etan. Bertan izango dira ALBEko Jone Uria, Josu Gotzon Landeta eta Galder Bilbao "Txapi" bertsolariak. Gai jartzaile Unai Brea "Argia" aldizkariko kazetaria eta berbalaguna arituko da. Bertso saioaren ostean, animatuko direnek euskal kantak abesteko aukera paregabea izango dute "gaba giro ederrean amaituteko", Ekaitz Apraiz proiektuko dinamizatzaileak aurreratu duenez. Bihar zortzi, berriz, oso bestelako kontua izango da, ardo dastatzeko hastapeneko ikastaroa egingo baitute 20:00etan. "Gabonetan hainbeste edaten danez behintzet apur bat jakiteko zeren inguruen gauzen berba eitten, asko faroleroak baiño eztie", azaldu du umoretsu Apraizek. Argazkian, Josu Gotzon Landeta.