Arc International multinazionalari "gerra deklaratu" diote Vicrilako langileek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 9a, 20:32

Arc International multinazional frantziarrak azaroaren 19an jakinarazi zuen Vidrieria y Cristaleria de Lamiako S.A. (Vicrila) enpresa 2013an itxiko zuela. Hori dela eta, LAB, CCOO, ELA, UGT, USO, ATV eta CUC sindikatuek osatzen duten enpresa batzordeak "gerra deklaratu" dio Arc Internationali. Mobilizazio "gogorrak" iragarri dituzte langileen ordezkariek, lantegia funtzionatzen jarrai dezala eta lanpostu guztiak mantenduko direla ziurtatzeko asmoz. "Kasurik okerrenean, ekonomikoki eta irudi aldetik oso garesti aterako zaie itxiera", gaur LABen Bilboko egoitzan emandako prentsaurrekoan ohartarazi dutenez. Ostegun honetan (abenduak 10) bertan, 24 orduko lanuztea egingo dute, goizeko 10etan hasi eta hurrengo egunera arte. Horren barruan, manifestazioan abiatuko dira 10:30ean, Vicrila inguruetan lehendabizi, Lamiako, Areeta eta Itzubaltzeta / Romon; Leioako udaletxera heldu arte, 13:30ak inguruan. Argazkian, gaurko prentsaurrekoa.

Bertara iritsita, adierazpena irakurri eta, seguru asko, idatzi bat erregistratuko dute, Eneko Arruebarrena alkate leioaztarrari biltzeko hitzordua eskatuz. Izan ere, administrazio lokalaren inplikazioa "berebizikotzat" jotzen dute Vicrilako langileek. Juan Jose Cortes enpresa batzordeko kideak azaldu duenez, "horrelakoak egiten dituztenean, kalte-ordainak eman edo besterik gabe joateko dirua lurzoruaren kalifikazioa aldatuz atera nahi izaten dute". Gauzak horrela, Vicrila ingurua, industria lurzorua izaten jarraitzeko konpromisoa har dezala eskatuko diote Leioako alkateari. Inguruko udalerrietako agintariekin ere harremanetan jarri nahi dira, Eskuinaldekoak zein Ezkerraldekoak; langile asko inguruko herrietakoak izanda, Eusko Jaurlaritza edo Bizkaiko Foru Aldundiari begira, ahal den neurrian laguntza eman dezatela eskatzeko asmoz. Lakuako Industria Sailari, berriz, "inplikazioa eta konpromisoa" eskatuko diote, "Euskal Herriko lantegiak edo, gutxienez, Vicrila desegiten jarrai ez dezaten". Izan ere, Lamiakokoa enpresa "errentagarria eta galerarik gabekoa" izanda, ixteko konbentzimendua "erabaki politikotzat" jotzen dute langileek. Cortesek emandako datuen arabera, "azken bi urteotan 18 milioi euro baino gehiagoko irabaziak" izan ditu enpresak. Beraz, "amarrua baino ez" litzateke izango Arc Internationalek aipatutako salmenten jaitsiera. Gauzak horrela, "erantzunak ere politikoa izan behar du". Hortaz, "Eusko Jaurlaritzak eta administrazioek izan behar dute pisurik handiena", enpresa batzordeko kidearen hitzetan.

Erabaki politikoa

Arc International multinazionalak Frantziako Arques eskualdean dauka egoitza nagusia. Orain urte batzuk 12.000 lagun inguruk lan egiten zuten bertan. Cortesek azaldu duenez, "bertan ez zuten lantaldea produkzioaren arabera berregituratu eta, orain, galera ekonomiko izugarriak dituzte, krisia dela eta; hondamendia da". Vicrilako enpresa batzordeko kidearen arabera, "4.000 langile daude soberan" Frantzia aldean. "Kontua da, enpresa frantsesak onbideratu aldera, dirua mordoa agindu duela Nicolas Sarcozy buru duen Gobernuak. Gainera, produkzioa atzerrian daukaten enpresak herrialdera bueltatzea jarri dute baldintza bezala", gaineratu du Cortesek.

Eragin handia inguruan

Vicrilako enpresa batzordeak aipatu duenez, egun 15 kilometroko inguruan bizi diren 360 lagunek lan egiten dute Lamiakoko fabrikan. Horretaz gain, urtero, aldi baterako kontratua egiten diete 50-60 pertsonei. Jantokia, garbiketa, makina eta moldeen mantenua, segurtasuna eta ordezko piezen bilketa bezalako lanetarako, berriz, 750 lagun inguru daude azpikontratatuta; tartean, ezintasun intelektuala edo fisikoa duten langileak hartzen dituen Lantegi Batuak enpresa dagoela, enbalatze lanetan. Horretaz gain, erosketen %80 (25 milioi euro) tokiko hornitzaileei egiten die Vicrilak. Hori guztia kontuan izanda, "inguruko merkatari eta lagunek 200 eta 300 milioi euro arteko galera izango dute urtean", lantegia itxita, enpresa batzordearen arabera.

Bestalde, Vicrilaren funtzionamenduak 5 eta 6 milioi euro artean ematen dizkie Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasunari, Gizarte Segurantzari eta tokiko administrazioari (Leioako Udala). Horretaz gain, Bizkaiko hainbat hezkuntza zentrorekin lankidetza hitzarmenak sinatuak ditu enpresak, 15-20 ikasleri praktikak eskainiz. Halaber, gizarte eta hezkuntza garapenerako tokiko hainbat ekimen diruz laguntzen ditu Vicrilak, orotara 100.000 euro jarriz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun