Gaur hasi da Galder Bilbao "Txapi" algortarraren eta beste 12 euskal herritarren kontrako
epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, ETAko kide edo laguntzaile zirelakoan. Euren izen edo gaitzizenak "Susper-en paperetan" agertu omen zirelako auzipetu dituzte guztiak. Bertan, ETAko ustezko laguntzaile ugariren izenak agertzen ziren klabean, polizia iturriek diotenez. Jesus Alonso fiskalaren arabera, "kide berriak erakartzeko taldea osatzen zuten auzipetuek, 'Arrantza' izenekoa. Era berean, informazio taldea osatzen zuten, 'Pianistas' izenekoa, eta helburuei buruzko informazioa ematen zuten". Auziperatuek, ordea, leporatzen zaizkionak ukatu dituzte, abokatuen galderei erantzunez; polizien eskuetan "presioak eta tratu txarrak" jaso zituztela salatuz. Fiskalaren eta AVTren itaunei ez diete erantzun nahi izan,
Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Epaiketak astelehenean jarraituko du. Bitartean, hilaren 11rako (ostirala) mobilizazioa deitu dute Algortako Telletxe plazan, 20:00etan, epaiketa salatzeko. Larunbatean, berriz,
manifestazioa izango da Iruñean, "Torturarik ez, epaiketa politikorik ez, proiektu guztien gauzapenari bai" lelopean. 17:00etan abiatuko da mobilizazioa, Autobus Geltokitik. Argazkian, Galder Bilbao "Txapi", 2006ko ekainaren 26an, kalera irten zenean / publicdomain
Etengabe.