Bizarra Lepoanen oharra:
"Egunkaria"ren aldeko kontzentrazioa
Noiz: abenduak 11, ostirala
Non: Algortako Telletxe plazan
Ordua: 12:30
Ia zazpi urte pasatu dira Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Euskaldunon Egunkaria itxi zuela. Eraso judizial hark izugarrizko lurrikara politikoa eragin zuen Euskal Herrian, eta jasotako elkartasuna eta gizartearen erantzuna ere tamaina berekoa izan zen.
AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek, herri akusazio gisa agertuta, Guardia Zibilaren txostenetako argudio guztiak bere egin, eta espetxe zigor gogorrak eskatu dituzte "'Egunkaria' auziko" hamar auzipetuentzat: 300 urtetik gorako kartzela zigorrak eta 234.000.000 euro inguruko isunak. Hiru lagun bi sumarioetan auzipetu dituzte.
Espainiako Auzitegi Nazionalak jakinarazi zuen abenduaren 15ean hasiko dela epaiketa. Hauek dira auzipetuak eta zigor eskaerak:
Egunkariaren itxierako bost auzipetuak eta zigor eskaerak:
• Joan Mari Torrealdai
Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluko lehendakaria
Zigor eskaera: 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa
• Iñaki Uria
Egunkaria SAko kontseilari ordezkaria
Zigor eskaera: 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa
• Txema Auzmendi
Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluko idazkaria
Zigor eskaera: 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa
• Martxelo Otamendi
Egunkaria-ko zuzendaria
Zigor eskaera: 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa
• Xabier Oleaga
Egunkaria-ko erredaktoreburu izana
Zigor eskaera: 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa Dignidad y Justiciaren eskaeran; 14 urteko espetxealdia AVTrenean
Auzi ekonomikoko zortzi auzipetuak eta zigor eskaerak:
• Joan Mari Torrealdai
Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluko lehendakaria
Zigor eskaera: 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32.891.200 euroko isuna
• Iñaki Uria
Egunkaria SAko kontseilari ordezkaria
Zigor eskaera: 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32.891.150 euroko isuna
• Txema Auzmendi
Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluko idazkaria
Zigor eskaera: 26 urte eta lau hilabeteko espetxealdia eta 32.891.150 euroko isuna
• Joxe Mari Sors
Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluko kidea
Zigor eskaera: 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32.891.150 euroko isuna
• Ainhoa Albisu
Egunkaria SAko administrazio saileko langilea
Zigor eskaera: 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32.891.150 euroko isuna
• Mikel Sorozabal
Egunkaria SAko administrazio saileko langilea
Zigor eskaera: 21 urte eta 9 hilabeteko espetxealdia eta 27.265.727 euroko isuna
• Begoña Zubelzu
Egunkaria SAko administrazio saileko langilea
Zigor eskaera: 17 urte eta 2 hilabeteko espetxealdia eta 21.640.933 euroko isuna
• Fernando Furundarena
Egunkaria SAko administrazio saileko langilea
Zigor eskaera: 13 urte eta 3 hilabete eta 21.167.546 euroko isuna
Sumarioaren egoera
Bi prozeduratan banatuta dago Egunkaria auzia: Egunkariaren itxiera ekarri zuen sumario nagusia da lehena, auzi ekonomikoa bigarrena. Bi epaiketetan epaituko dituzte auzipetuak. Zazpi akusatu lehenengoan, zortzi bigarrenean. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi, bietan epaituko dituzte. Hamabi auzipetu daude guztira.
Egunkarian izandako ardurengatik ETAko kide izatea egozten diete lehen auzian akusatutakoei, eta 14 eta 12 urteko espetxeratzeak eskatzen. Fiskalak berak esana du ez dagoela epaiketa egiteko arrazoirik. Auzipetuei zer leporatu ez dagoela esana du. Auzia artxiba dadila eskatu du. Akusazio partikularrik ez dago auzian; ez dago zigor eskaerak egin ditzakeen kaltetu zuzenik. Hala ere epaiketak aurrera egingo du herri akusazioaren bultzada hutsez. AVT eta Dignidad y Justicia elkarteak ari dira herri akusazio gisa ari eta zigor gogorrak eskatu dituzte.
Auzi ekonomikoa deitutakoan, irregulartasun ekonomikoak egitea egozten diete atal horretan auzipetuta daudenei. Diru kontuak faltsutzea eta zerga iruzurra egitea. Horiek guztiak, delitu ekonomiko hutsak. Guztira 184 urteko espetxe zigorra eta 235 milioi euroko isuna eskatzen diete horiengatik zortzi auzipetuei.
Defentsak eta fiskalak hasieratik argudiatu dutenez, delitu ekonomikoei buruzko auziak ez dagozkio Auzitegi Nazionalari. "Terrorismoari" lotutako auziak dira han epaitzen direnak, auzitegiak berak esana duenez. Baina Auzitegi Nazionalak azkenean erabaki du auzi hau ere Auzitegi Nazionalean bertan epaituko dela.
Beraz, Egunkaria auziko bi sumarioak Auzitegi Nazionalean epaituko dira.
Munduan libre bizi ahal izateko, Egunkaria libre munduan bizi ahal izateko.
Bizarra Lepoan euskara elkartea