Alkateak azaldutakoaren arabera, “programa Udalak immigrazio alorrean bultzatutako eta oinarrizko helburu bat lortu nahi duten politiketan kokatzen da, gizarte kohesionatua lortzeko eta horrela edozein jatorri, sexu, arraza, hizkuntza edo pertsona izanda ere, denok Getxoko auzokideak izango gara eta beraz gure eskubideak eta betebeharrak edukiko ditugu, pertsonak bezala garatzeko beharrezkoak direnak”. Ospakizun honen bitartez “datu hotzak edo pertzepzio edo immigrazioari buruzko aurreiritziak alde batera utzita, pertsonen errealitatea hartu nahi dugu kontuan, begiak eta aurpegia dituzten gizadiak baitira, gurekin bizi diren auzokideak eta horregatik eskubideak dituzte, agiriak eduki edo ez, Nazioarteko Zuzenbideak jaso bezala” gehitu du Imanol Landak.
Programa
Programa bihar, ostiralean, hasiko da, “Taller de futuro: la situacion del alumnado inmigrante en el sistema educativo” delako tailerrarekin. “Herritar talde desberdinek parte hartuko dute, ordezko etorkizunak diseina ditzaten. Lehenengo tailer horretan ikasle etorkinek eskola sisteman duten egoera jorratzea izango da helburua, gizarte hartzaileek egun duten erronka nagusietakoa eta gizarte kohesioan eragina handia edukiko duen egoerak”, Elena Coriak, Immigrazio zinegotziak azaldu duenez. Tailer hori martxan jartzea eta aurrera eramatearen ardura Etorkinen Plataformak du.
Harresiak Apurtuz, Euskadiko Etorkinen Gobernuz Kanpoko Erakundeak Atzerritartasun Lege Organikoaren berrikuntzari buruzko hitzaldia eskainiko du, espainolez, asteazkenean, abenduaren 16an Itzubaltzeta / Romoko kultur aretoan. Udalak bertoko eta atzerritar jatorriko herritarrak gonbidatzen ditu hitzordu horretara joateko aipatutako Legearen erreformaren ondorioak ezagutzeko.
Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak 2009ko immigrazioaren panoramika aurkeztuko du erdaraz, abenduaren 18an, udalerriko atzerriko immigrazioaren garapena azalarazteko. Gauean, Tom McCarthyren “The Visitor” pelikula proiektatuko da, irailaren 11az geroztik migrazio politika murritzaileei buruzkoa. Hurrengo egunean jarduera parte-hartzailea izango da INT Actuen eskutik, Gazteria Sailak antolatutako Wanted Ideien Lehiaketaren bigarren saritua dena. “1 lugar, 1000 colores” lelopean, kale mintzaleku bat imitatuko duen muntaia erakutsiko da pantaila erraldoi batean, Areetako Xake plazan. Bertatik, munduko beste toki eta biztanleekin, zuzenean bat egiteko aukera izango da. Bi saio izango dira ordu desberdinei egokitu ahal izateko. Adibidez, Filipinar Irlekin goizean konektatuko da eta Bolibiarekin arratsaldean.
Azkenik, astelehenean, abenduaren 21ean, Getxoko Etorkinen Plataformaren aurkezpen publikoa izango da. Plataforma honako hauek osatzen dute: Adrebol egoiliar bolibiarren kirol elkartea, Arahma euskal eta arabiar emakume elkartea, Berdintasuna, Caritas, Egintza, Quinara M’Benne Botcha-ren seme-alabak, Pagkakaisa Euskal Herrian dauden Filipinetako etorkinen elkartea, Perualde eta Sikap Euskal Herriko elkarte filipinoa.
Azkenik, 2010eko Kultura arteko Egutegia hartu nahi dutenak herritarren arretarako bulegoetara joan ahal izango dira. Udalerriko ikastetxeek ere geletan ipiniko dute egutegia. Guztira 2.500 ale banatuko dira. Aurtengo gaia Euskarashowa, kulturen arteko karaokea da.