Goizeko 10:30ak inguruan Vicrilako ateetatik abiatuta, Areetako Bizkaiko Zubira arteko paseoa agudo bete dute, pausuz eta aldarrikapenez, Lamiakoko lantegiko beharginak. Txilibitu eta sirena hotsekin nahasten ziren "¡Guerra, guerra, guerra, Vicrila no se cierra!" oihuak harriduraz hartu dituzte herrigune areetarrean barrera dendaz denda zebiltzan gizon-emakumeek. Ez zen gutxiagorako. Kale eta errepideak betez joan dira langileak eta euren senide eta lagunak. Areetako metro geltoki ondotik igarota, berriro hartu dute Lamiakorako bidea manifestariek, Txopera eta Udondo igarota, bi ordu pasatxo beranduago, Leioako udaletxera heltzeko. Hala ere, aurretik, Getxo eta Leioa udalerrien arteko muga finkatzen duen biribilgunean dagoen beira putzegilearen estatuan egin dute geldialdia, hori "ofizialki inauguratu" eta Vicrilako langile izandako guztiei gorazarre egiteko asmoz.
Erantzunak ere politikoa izan behar du
Leioako udaletxera helduta areagotu dira "¡Administracion, implicacion!" bezalako aldarriak. Izan ere, Lamiakoko fabrika ixteko konbentzimendua "erabaki politikotzat" jotzen dute langileek. Juan Jose Cortes enpresa batzordeko kideak atzoko prentsaurrekoan azaldu zuenez, Arc International multinazionalak Frantziako Arques eskualdean dauka egoitza nagusia. "Bertan, galera ekonomiko izugarriak dituzte, krisiaren ondorioz; eta 4.000 langile daude soberan. Kontua da, enpresa frantsesak onbideratu aldera, dirua mordoa agindu duela Nicolas Sarcozy buru duen Gobernuak. Gainera, produkzioa atzerrian daukaten enpresak herrialdera bueltatzea jarri dute baldintza bezala", gaineratu zuen Cortesek.
Ez da gutxiagorako Leioako Udalak arazo honetan joka dezakeen papera. Vicrilako langileen ordezkarien arabera, "horrelakoak egiten dituztenean, kalte-ordainak eman edo besterik gabe joateko dirua lurzoruaren kalifikazioa aldatuz atera nahi izaten dute". Gauzak horrela, Vicrila ingurua, industria lurzorua izaten jarraitzeko konpromisoa har dezala eskatu diote tokiko administrazioari. Gaur bertan hartu ditu udaletxean enpresa batzordeko ordezkariak Eneko Arruebarrena alkateak.