Etxerat: "Nazioarteko Giza Eskubideen Egunaren harira"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 10a, 22:40

Abenduak 10, Nazioarteko Giza Eskubideen eguna. Tamalez, beste urte batez, Etxerat Elkarteak gure senide eta lagun presoek pairatzen dituzten etengabeko erasoak eta eskubide urraketak salatu behar ditu beste behin ere. Sakabanaketa, Bizi Osorako zigorra, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoei aplikatzen zaien Heriotza Zigorra, isolamendua, bakartzea, jipoiak, mehatxuak, bizi baldintza gogorrak, kolpeak, osasun baldintza tamalgarriak, komunikazioen bortxaketa etengabea edo leku-aldatze erabat arbitrarioak. Guzti honek, azken urteetan 21 euskal preso politikoen heriotza ekarri duela ezin ahantzi dezakegu. Argazkian, euskal presoak Euskal Herriratzeko aldarrikapena Algortan.

Azkenaldian, gainera, senide eta lagunon kontrako erasoak ugaritu dira. Kontrol zorrotzak bidaietan, mehatxu zuzenak, Etxerat beraren balizko legez kanporatzea, argazkien kontrako ehiza eta, azkenik, aurrez aurrekoetan sartzeko jarritako traba, katxeo eta umiliazio saiakerak. Ehunaka aurrez aurreko galdu dira hilabete bakarrean. Dena gure oinarrizko eskubideak defendatu nahi izateagatik.

Oso egoera bortitzak bizi izan dira, ume txikiak ere katxeatu nahi izan dituzte, elbarria den pertsona bat muleta eta betaurrekorik gabe utzi ondoren biluztu arazi egin dute eta preso baten aita atxilotu dute.

Gure semearekin, alabarekin, aitarekin, amarekin, aititerekin, amamarekin, anaiarekin, arrebarekin, ahizparekin, nebarekin, mutil lagunarekin, neskalagunarekin, izekoarekin, osabarekin, lagunekin dugun komunikazioa erabat moztu nahi dute. Gure senide eta lagun presoak erabat isolatu eta pertsona gisara suntsitu nahi dituzte, euren inguru sozial eta afektibotik erabat aldenduz. Baina, argi esan nahi dugu, ez ditugula inolaz ere bakarrik utziko. Maite ditugulako.

Ukitu beharreko ate guztiak ukituko ditugu, interpelazioa eta salaketaren bidetik euskal jendartea astindu nahi dugu.

Etxerat
www.etxerat.info
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun