Aiboa Casares Astrabuduako preso gaztea bihar geldituko da askatasunean. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoran jakinarazi duenez, Salamankako Topas espetxetik aterako da, baina hori zein ordutan gertatuko den eta Casares herrira noiz helduko den oraindik ez da jakina. Aiboa Casares 2002ko martxoaren 8ko ordu txikietan atxilotu zuten, Areetan, Segi gazte erakundearen kontrako operazioaren barruan. Hiru urte behin-behineko espetxealdian eman ostean, 2005eko otsailaren 11n,
Jarrai-Haika-Segi auziko epaiketa abiatu zuten. Hasieran, 14 urteko espetxe zigorra eskatu zioten, baina epaiketan bertan AVTk eta fiskaltzak "ETAko kidetza" leporatuta,
10 urtera jaitsi zuten eskaera. Epaiketa bukatu eta gutxira
Aiboa askatu zuten ia akusatu guztiak bezala. Ekainean atera zen epaia eta Casaresi 3 urte t'erdiko zigorra ezarri zioten, Segi erakunde gaizkilea baina ez terrorista iritzita. Baina, kasua Espainiako Auzitegira heldu eta 2007ko urtarrileko 19an Segi "erakunde terroristatzat" jo zuten, Casaresen eta auziperatu gehienen
zigorra sei urtera igoz. Zigorra betetzeko Aiboa eta besteen atxiloketa agindu zuten orduan. Bi aste beranduago, otsailaren 4an,
gazte gehienak entregatu ziren, 1.000 lagunen aurrean ekitaldia egin ostean. Handik aurrera, Erandioko Ertzain-hiria eta Langraiz, Villabona eta Topas espetxeak ezagutu ditu Casaresek. Bitartean, gazte mugimenduaren eta bere auzokideen babesa ez zaio falta izan. Argazkian, Casares bigarren atxiloketan /
Gaztesarea.