"'Egunkaria' libre!" aldarrikatu dute Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 11a, 15:35

"Euskaldunon Egunkaria"ren itxiera egiteko aitzakiatzat erabili zen auziaren epaiketa abiatu aurretik "'Egunkaria' libre!" aldarrikatu dute gaur Algortan 30 lagunek. Bizarra Lepoan Getxo udalerriko euskara elkarteak deituta, elkarretaratze anitza izan da Telletxe plazan egindakoa. Besteak beste, German Kortabarria ELAko komunikazio arduradun ohia, Maitane Nerekan Umaran "UK" aldizkariko zuzendaria eta hainbat elkarte eta kolektiboko ordezkari eta kideak bildu dira bertan. Tartean, Egizu, Jose Antonio Agirre euskaltegia, San Nikolas ikastola, Koska irratia, Bilgune Feminista, hainbat emakume gazteen asanbladak, Amnistiaren Aldeko Mugimendua eta ezker abertzalea, baten batzuk aipatzearren. Era berean, Kontseiluak jarritako hitzorduetan, 100 pertsona batu dira Donostian, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria eta Xabier Oleaga auzipetuekin batera; Gasteizen, 60 lagun izan dira; Bilbon ehundik gora zenbatu dituzte; Baionan, beste 80 euskaltzalek egin dute agerraldia; eta Iruñean ehun bat atera dira kalera.

Asteartean Espainiako Auzitegi Nazionalean hasiko da epaiketa nagusia, egunkariaren itxiera eragin zuena. Bertan bost auzipetu jesarriko dira: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Erandioko semea. Bostei ETAko kide izatea egotzi diete Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen. Kasu horretan honako eskaerak egin dituzte DyJ eta AVTk:

• Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
• Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
• Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
• Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
• Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).

Epaiketa 15ean abiatu arren, nazio manifestazioa hilaren 19an, Bilbon, deitu dute auziperatuek. Bestalde, auziaren inguruko informazio eta mota guztiko argibideak "Berria" egunkariak sortu duen atalean irakur daitezke, www.berria.info/egunkaria atalean, alegia. Bertan, jasotzen denez, adibidez, Bilboko martxarekin batera, Madrilen 19an egin nahi zuten "Egunkaria"ren aldeko manifestazioa debekatu dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun