Gutxi ziren, inor ez esatearren, botilak dantzan ari ziren erdararen itsaso zakartuari erreparatzen ziotenak, are gutxiago euskararen itsaso urdin eta zabalera iristeko eman beharreko urratsez mintzatzen zirenak. Den-denak, itsuturik, euskara oxigeno apur batekin bizirautera mantentzen zituzten botilei begira zeuden.
Hori da, beste era batera esanda, Euskal Herriko bertako hizkuntza bakarrak pairatzen duen errealitatea, baina euskarak ezin du muga horien artean biziraun, eta aldaketa behar du; erroko aldaketa. Horrexegatik, orain inoiz baino beharrezkoagoa da euskaldun euskaltzale guztion arteko elkarlana, euskara menpeko egoeratik lehentasunezkora eramateko tenorean: iruzurrak salatuz; gune euskaldunak indartuz eta berriak sortuz; euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osoan aldarrikatuz; hizkuntza politika burujabea bultzatuz, euskaraz bizitzeko hautuari eutsiz…. Finean, maila sozialean, politikoan zein juridikoan euskarak behar dituen aldaketak eraginez.
Botilak euskararen mugak baino ez direnaren kontzientzia hartuta, baina eta kortxoak apurtzeko indarrak batuz, euskara txoko guztietara isurtzea lortuko dugu, euskara, biharko Euskal Herrian, itsasoa izanen delarik.
Nestor Esteban Scaloni, Euskal Herrian Euskaraz taldeko kidea