Arc International multinazional frantziarrak Vicrila 2013rako ixteko hartutako erabakiaren ondotik, Lamiakoko fabrikako langileek zeukaten zalantza nagusienetako bat argitu du gaur goizean Eneko Arruebarrena Leioako alkateak. Agintari leioaztarraren hitzetan, "niri eta nik neuk zuzentzen dudan gobernu taldeari dagokionez, egun lantegia kokatuta dagoen lurrak etorkizunean ere enplegua sortzeko ekonomia jardueretarako erabiliko dira; inongo kasuan ere, etxebizitzak eraikitzeko". Izan ere, Vicrilako langileen ordezkariek asteazkenean egindako prentsaurrekoan ohartarazi zutenez, "multinazionalek horrelakoak egiten dituztenean, kalte-ordainak eman edo besterik gabe joateko dirua lurzoruaren kalifikazioa aldatuz atera nahi izaten dute". Arruebarrenak, ordea, Vicrila ingurua industria lurzorua izaten jarraituko duela "bermatu" die Lamiakoko lantegiko arduradunei zein bertoko langileen ordezkariei. Batzuekin eta besteekin batzar bana izan du Leioako alkateak. Argazkian, Leioako udaletxean bertan amaitu zen atzo Vicrilako langileen manifestazioa. Bertan bildu ziren alkatearekin enpresa batzordeko kideak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!