Nekazari giro ezinhobea izango da igande honetan Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 11a, 20:55

Leioak bere nekazari sustraiak berreskuratu egingo ditu igande honetan herriaren erdigunea hartuko duen XXII. Nekazari eta Abeltzaintza Azokarekin. Ospakizun berezi horrek gero eta bisitari gehiago biltzen ditu Leioan, batez ere Bulebarrean eta Errekalde plazan: "bisitariak gure lurrak emandako produkturik onenak dastatzeko edo erosteko etortzen dira, edota gure sustraien giro onaz gozatzeko", gaurko prentsaurrekoan Eneko Arruebarrena alkateak adierazi duenez. Bitartean, igandean izango diren abereez aritu da Guillermo Bilbao Leioa Kirol Zaleak elkarteko kidea. Izan ere, aipatu taldea eta Amets Berria elkartearekin batera antolatu ohi du azoka Udal leioaztarrak. Horrenbestez, betiko arraza eta animaliak izango dira Leioan, guztira 50 buru, horien artean; arraza ezberdinetako behiak, idiak, zaldiak, poniak, astoak eta hegaztiak. 1.300 kilo inguruko Limusin arrazako zezen bat ere egongo da ikusgai, Bilbaok aurreratu duenez. Argazkian, hainbat abelburu Leioako Bulebarrean / © Leioa.net.

Azoka 10:00etan irekiko dute, eta ordu bete beranduago trikitilari eta txistularien doinuek girotuko dute. Momentu horretan, Errekalde plaza txikientzako topagune berezi bilakatuko da, hainbat tailer eta ponien ibilbideekin. Bestalde, nagusienak ere bertaratu ahal izango dira plaza horretara, bertan izango direlako harri-jasotzaile eta zakulari erakustaldiak. Goizaren erdialdean, 12:00ak inguru, “Leioako Elizateko Udala” izeneko lehiaketaren txanda izango da. Bertan Idiazabal jatorrizko izendura duen Bizkaiko gaztarik onena sarituko dute. Lehiaketak XI. edizioa beteko du aurten. Ordu berean, Kalekantuka ibiliko da herriko tabernatan zehar, abesti ezegunekin giroa alaitzen; eta Jose Ramon Aketxe plazan azokako produktuen dastatzea izango da.

Eguerdian, 13:00etan, Bulebarrean, animaliei buruzko azalpenak emango dituzte: besteak beste, arraza bakoitza zein den eta ze ezaugarri dituen azalduko zaie herritarrei. Ordu bete beranduago momenturik garrantzitsuena helduko da: Leioako nekazariei omenaldia, hain zuzen. Horren ostean, gazta lehiaketaren sari banaketa izango da eta azokaren girotzean eta dekorazioan parte hartzen dutenen sailkapena ere publiko egingo da.

Trafiko etenaldiak

Leioako XXII. Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka dela-eta, igande honetan, 7:00etatik 16:00ak arte, trafikoa etenik egongo da Avanzadako errepidearen tarte hauetan: Sabino Arana eta Luis Bilbao Libano doktorea kaleen artean, Getxo-Bilbo norabidean; eta auzo etxerako bidearen eta udaletxeko bidearen artean, Bilbo-Getxo norabidean. Getxotik Bilbora doazen ibilgailuek errepidetik irten eta Sabino Arana kaletik joan beharko dute, gero Sabino Arana zeharkatzen duten kaleetariko batetik Luis Bilbao Libano doktorea kalera irteteko, eta handik berriro ere Avanzadako errepidera. San Juan, Iturribide, Ikea, J.R. Aketxe eta Errekaldeko auzokideek, derrigorrez Mendibiletik irten beharko dute. Dena dela, ibilgailuentzat itxita egongo den aldea behar bezala markatzeko seinaleak jarriko dira. Inguruetan kotxez ibiliko direnei kontu handiz ibiltzeko eskatu diete, seguru asko azokan jende asko ibiliko da-eta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun