Getxoko Udalak 100.000 euro gastatuko ditu Gabonetan udal merkataritza sustatzen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 12a, 00:59

Getxoko Udalak Getxo, Christmas & Magic (Getxo, Gabonak eta ilusioa) izeneko kanpaina abiatu du gaur, udalerriko bezeroek bertoko denda eta enpresetan erosten jarrai dezaten xedea hartuta. Imanol Landa alkatea eta Aitor Soloeta Sustapen Ekonomikorako zinegotzia izan dira aurkezpenean. “Ez dugu gure auzokideek gehiago gastatzea nahi”, esan du Imanol Landak (mp3), “nahi duguna da Gabonetan gastatu behar dutena bertoko ostalaritzan eta merkataritzan gastatzea”. Ekimen berri hau Udalak urtarrilaren 11ra arte egiten dihardu eta tokiko arduradunen arabera, garrantzitsuena da. Merkataritza eta ostalaritza sustatzeko Getxo Shop & Fun kanpainaren barruan kokatzen da. Horretan Udalak 96.000 euro gastatuko ditu, eta aurreko publizitate kanpainei gehituta 188.000 euroko gastua izango da. Argazkia: © Getxoko Udala.

Getxo marka merkataritzan ere

Aitor Soloetaren arabera (mp3), Christmas & Magic kanpainaren helburua bikoitza da. “Alde batetik, erosketak egin nahi dituzten udalerriko auzokideek bertoko edozein 1.400 merkataritza, ostalaritza edo enpresa establezimendutan egitea nahi dugu eta, bestetik, marka komuna sortzera laguntzera, Getxo merkatalgune zabal handi batekin identifikatzen duena”. Hots, Udalak orain arte kirolean eta beste jardueretan sustatutako Getxo marka eraman nahi du merkataritza, ostalaritza eta enpresagintzara.

Ekimen horretako protagonistak alde batetik, biztanleak eta bezeroak izango dira eta, bestetik, dendak eta ostalaritzako lokalak. Horietarako material bereziak prestatu dira, hain zuzen ere, gaurtik aurrera euren bezeroei oparitzeko, lokalak atontzeko eta saltzen dituzten opariak apaintzeko ere. Denda eta lokal bakoitzak Gabonetako kaxa bat jasoko du 60 egutegi oparitzeko; hiru bola handi eta hirueledun euren lokalak atontzeko eta, denda horietan 300 pegatina eta etiketak jasoko dituzte opariak apaintzeko eta pertsonalizatzeko. Horrek 100.000 egutegi, 390.000 pegatina eta 390.000 etiketa banatzea suposatuko du.

Getxo 2010 egutegia

“Zure erosketak Getxon, urrutira joan gabe” lelopean, dendak eta enpresak Getxo 2010 izeneko egutegia banatzen hasiko dira, 16 getxoztarren laguntzarekin egindakoa. Horiek, 4.500 parte-hartzeko eskaera boletoen artean, zozketaren bitartez, aukeratuak izan ziren. Egutegian egindako banakako eta taldeko zazpi argazki hautatu dira, bat azalerako eta 6 barrurako.

Hurrengo bi asteetan, erosketarako egun berotsuenekin eta urte berriarekin batera, irudi berriak zabalduko dira urte berriak ekartzen duen ilusioa nabarmendu nahian. Zoriontzeko eta itxaropeneko mezuak diseinatu dira horretarako. Azkenik, ekimena 2010eko merkealdiaren iragarkiarekin bukatuko da.

Mezu hau zabaltzeko hainbat euskarri erabiliko dira: hedabideak, publizitatea metroan eta lau kubo handi udalerriko merkatal gunetan.

Merkataritzarako plan berezia

Tokiko Udal Gobernuaren ustez, Getxoko Udalak 2009ko aurrekontuan “oso esfortzu handia” egin du udalerriko jarduera ekonomikoaren sektore nagusia, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuena, hain zuzen, sustatzeko. Horrela, eta sektore hori dinamizatzeko bereziki diseinatutako planaren barruan, aurten ere 300.000 euro aurreikusi du udalerriko enpresek bertoko langabetuak kontratatu ahal izateko.
Halaber, ia 100.000 euro gastatu ditu Udalak Getxoko gune ezberdinetan Gabonetako argiztapena ipintzeko.

2010erako, Udalak merkataritzari eta ostalaritzari lehentasuna emango die. Horregatik, urte berriaren lehenengo hilabeteetan ekimen eta inbertsio berriak ezagutzera emango ditu horiek dinamizatzeko eta sustatzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun