Jonas Ramalho Bilbao Athleticeko atzelari itzubaltzetarraren aurkako kanpaina arrazista abiatu du Resistencia Norte delako talde faxistak, Ramalho beltza izateagatik. Sare Antifaxistak salatu duenez, Caparros entrenatzaileak Ramalho Athleticen lehenengo taldera deitzearekin batera, talde ultraeskuindarrak "eduki arrazista petoko zabor faxista" bota zuen. Zehazki, hau dio espainolez idatzitako libelo txikiak: "Athletic-en atzerritarrik ez! Athleticek betiko harrobi politikarekin jarraitu behar duelakoan gaude tematuta Resistencia Norte taldean. Horrela, tristea bada ere, jokalari guztiak zuriak eta espainolak diren lehenengo mailako talde bakarra izateaz harro agertzen jarraitu ahal izango dugu". Horrela Resistencia Norte talde nazional-sozialistak bere arrazakeriaz gain, bere ezjakintasuna ere frogatuta utzi du. Izan ere, Barakaldon jaio, Itzubaltzeta / Romon bizi eta 10 urte zituenetik Lezamako harrobian hezi egin da Jonas Ramalho itzubaltzetarra. Argazkia: © Athletic.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!