"Bertsoaren dama" bilakatu da Maialen Lujanbio

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 13a, 22:05

Maialen Lujanbio hernaniarrak irabazi du gaur Barakaldoko BEC erakustazokan jokatutako Bertsolari Txapelketa Nagusiko final handia. Amets Arzallus lapurtarrarekin batera, arratsaldeko buruz burukora heldu ostean, aurretik botatako bertso sorta bikainei esker jantzi du txapela emakume batek lehendabiziko aldiz, 14.500 bertsozalek sortutako giro ezin hobean. Aurrez aurre, bikain aritu dira Maialen eta Amets. Hala ere, lehenengoak 1.630,75 puntu batu ditu eta bigarrenak 1.582 puntu. Bata bestearen atzetik lau txapel pilatutako Andoni Egaña laugarrena (1.058) izan da, Jon Maiaren (1.060) ondotik. Azken lau postuetan geratu dira Unai Iturriaga (1.046,25), Sustrai Colina (1.037,5), Aitor Mendiluze (1.009,25) eta Aitor Sarriegi (983,75), hurrenez hurren. Gauzak horrela, Mendiluzek bere agurrean aipatu bezala, "bertsoen dama" bilakatu da, eskualdean bertan, Erandio eta Leioako campusean, Arte Ederrak ikasi zituen Lujanbiok. Baina ez da berria Maialenen irabazteko grina. Gipuzkoako txapela irabaziz, berak erakutsi zuen emakumezkoek bertsolaritzan badutela zeresana. Egun, ez dira gutxi bertso eskoletan goia jotzen ari diren neskak, Uribe Kosta eskualdean, besteak beste. Bestalde, 73 urteren bueltan Lujanbiotarren eskuetara bueltatu da txapela. Maialenen aitona Jose Manuel Lujanbio "Txirrita" handiak irabazi zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bigarren edizioa, 1936an. Urte bat lehenago, 1935ean txapeldunorde suertatu zen. Argazkian, Joxe Agirre bertsolari beteranoak jantzi dio txapela Maialen Lujanbiori, "emakumerik ez zela oraindik hortara iritsi" aipatuz, bertsotan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun