Bihar Espainiako Auzitegi Nazionalean hasiko da "Euskaldunon Egunkaria"-ren kontrako epaiketa nagusia, egunkariaren itxiera eragin zuena, alegia. Bertan bost auzipetu jesarriko dira: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Erandioko semea. Bostei ETAko kide izatea egotzi diete Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen. Kasu horretan honako eskaerak egin dituzte DyJ eta AVTk:
• Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
• Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
• Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
• Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
• Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).
Epaiketa 15ean abiatu arren, nazio manifestazioa hilaren 19an, Bilbon, deitu dute auziperatuek. Bestalde, auziaren inguruko informazio eta mota guztiko argibideak "Berria" egunkariak sortu duen atalean irakur daitezke, www.berria.info/egunkaria atalean, alegia. Bertan, jasotzen denez, adibidez, Bilboko martxarekin batera, Madrilen 19an egin nahi zuten "Egunkaria"ren aldeko manifestazioa debekatu dute.