“Azpiegitura abangoardista da, punta puntako teknologiarekin hornitua, Getxoren giza eta kultur etorkizunaren norabidea finkatuko duena”, aipatu zuen atzo, proiektuaren aurkezpen ekitaldian, Imanol Landa alkateak. Gobernu Taldearen "jardunbide nagusienetako bat" ere badela adierazi zuen, "udalerria murgilduta dabilen berritze prozesuaren harira egingo dena (Getxo Antzokiarekin, Bake-Ederrekin, ... batera)". Udal agintariak azaldutakoaren arabera, "erreferentea izango den proiektua da egungo Santa Eugeniako eskoletako orubean, eskoletako eraikina bota eta gero, altxatuko dutena, eta Romo bizkortzeko eta auzoa Areetan integratzeko izango da".
Galeako itsaslabarrak Itzubaltzetan
Getxoko Udalak urtebete luzetxo darama lanean eraikin berriaren diseinua prestatzen, Landak adierazi zuenez. Hautatutako proposamena, Aitor Elorduy eta Gabriel Chapa arkitektoek asmatutakoa da eta "funtzionaltasuna" lehenesten du. "Galea lurmuturreko itsaslabarren itxura" hartuko ei du eraikinak kanpotik, eta sei solairu eta hainbat sarbide izango ditu. “Eraikin malgua da etorkizunean behar berrietara egokitu eta beti punta puntakoa izan dadin. Barruan erabilera askotarako aretoak edukiko ditu, zerbitzu hobeagoak, ekitaldi berriak hartzeko ekipamenduak, elkarteentzako gune gehiago, egungo areto kopurua bikoiztuz, eta abar...; horrek guztiak udalerriko kulturaren jardueran eta bizitza sozialean, dinamizatze lana egiteaz gain, parte hartzea ere ahalbidetuko du”, aipatu zuen alkateak.
Tokiko arduradunen arabera, barruko diseinuari buruzko proiektua irekita dago beren jarduera eraikin berrian egingo duten elkarteen proposamen berriak aintzat hartu ahal izateko. "Dagoeneko abiatu da prozesu informatibo eta parte-hartzailea elkarte horiekin", Landak dioenez, baina, alkateak aurreratu du jada Romo Kultur Etxe berriak, besteak beste, honako esparru hauek edukiko dituela: 200 lagunentzako auditoriuma; kontzertu, antzerki saio xume, batzar, ikastaroak, ...egiteko aretoak; entseguetarako gelak; erakusgela; udalerriko liburutegirik onena; umeen jolasetarako guneak; eta kultur etxearen beraren eta herritarren arretarako bulegoak. Lehen fase batean, gainera, behin behinekoz, nagusien etxea eta udal euskaltegia ere bertan egon litezke. Romo Kultur Etxe berria aste osoan egongo da irekita eta egungoak baino ordutegi zabalagoak edukiko ditu.