Merkatariei laguntzeko helburua ere badauka zerga eta tasen jaitsierak. Andradek gogoratu duenez, otsaileko udal batzarrean erabaki zen herritarrek %30 eta bulego eta saltokiek %35 gutxiago ordaintzea, zarama bilketagatik. Oraingo beherapenak aplikatuz, sinaduren bitartez ehunaka herritarrek eskatutako "%86ra hurbilduko ginateke", ordezkari popularrak dioenez; Iñaki Zarraoa alkate zela zarama tasa igotzea erabaki zuten beste horrenbestera, alegia. Baina, zarama bilketari zein estolderiari lotuta, "saltokia kale batean edo bestean egonda, ordaindu beharreko kopuruan ematen diren ezberdintasunekin amaitzeko" ere proposatu du Getxoko PPk. Bestalde, azaroko udal batzarrean Getxo Antzoki inguruko merkatarientzat eskatu bezala, Areetako azoka inguruko dendari eta tabernarientzat ere nahi dituzte salbuespenak. Laster Biscaytik proiektuan aurreikusitako teknologia gunea egiten hasiko dira bertan.
Gastuaren herstura
Azkenik, "Alderdi Popularrarekin 0 euroko kostua izango du enpresa bat sortzeak", Andradek aipatu duenez. Ordezkari popularrak emandako zifren arabera, bataz beste 3.554 euro jarri behar izaten dira lokala zabaltzeko lizentzia, eraikuntza zergak eta bestelakoak ordaintzeko. Horrekin lotuta, enpresa ekintzaile berriei, lehenengo bi urteetan zarama bilketa eta estolderiaren gaineko tasak ez kobratzea proposatzen du Getxoko PPk. Lanik ez duten emakumeentzat ere aipatu hobaria eskatu dute. Andradek berak onartu du neurri horiek "1,5 eta 2 milioi euro arteko kostua" izango duela. Horri aurre egiteko, "gastu murrizketa eta herstura" dute irtenbide popularrek, "alkateak gastuari eustea baino ez duenean proposatzen". "Nahikoa ez balitz, banketxeetan epe finkora gordetako 34 milioi euroak erabiliko genituzke", amaitu du Andradek.
Getxoko PPk eskatuta, asteazken honetan (abenduak 16) egingo dute zerga eta tasei buruzko ezohiko udal osoko bilkura, goizeko 9etan. Gauzak horrela, bertara eramango dituzten proposamenak aurkeztu dituzte gaur Marisa Arrue eta Eduardo Andrade tokiko popularren ordezkariek. Getxoko Udalak, 2010era begira,