Landak aurreratu duenez, “plan honen helburu nagusiak dira: 14 ekintza bultzatzea behar gehiago eta zailtasun handiagoak dituztenek, batez ere 35 urtez azpiko gazteek, etxe bat errazago lortzeko; eta etxe-salerosketan eragin handiagoa izatea, etxebizitza librearen eta babestuaren arteko aldeak murrizten saiatuz”. Hartara, Eusko Jaurlaritzarekin zein sustatzaile pribatuekin sinatutako hitzarmenen bitartez, etxebizitza kopururik handiena egin gura du Udalak, “hiri-lurzoruetan, bai hiri-aprobetxamendurako utzi direnak, bai erositakoak lortuz". "Halaber, HAPOn aurreikusitako eta jabetza partikularra duten lurzoruen garapen urbanistikoak bultzatu nahi ditugu, babes ofizialeko etxebizitzaren sustatzea jasotzen dutenak, modalitatea edozein izanda ere”, gaineratu du udal agintariak.
Ezinbesteko baldintzak
Etxebizitza horiek, errentan, azalera-eskubidean (gehienez 75 urtez), edo jabetzan emango dira. Oro har, etxebizitza baten beharra duten herritar guztientzat izango badira ere, lehentasuna izango dute honako talde hauek: 35 urte arteko gazteek; adin txikiko umeak beren kargura dituzten familia ugariek; desgaituak diren pertsonek eta beren familiek; 65 urtetik gorakoek eta beren familiek; genero indarkeriaren eta terrorismoaren biktimek; eta gizartean baztertzeko egoera izan edo arriskuan daudenek. Etxebizitza horiek eskuratzeko ezinbesteko baldintzak dira erroldatzea, diru-sarrera nahikoak eta etxebizitza baten beharra. Babes ofizialeko etxebizitzetan Eusko Jaurlaritzaren legedia aplikatuko da eta tasatuetan, berriz, udal ordenantzan jasotakoa.