"Senide eta lagunen aurkako katxeo eta umiliazio saiakerak direla-eta", asteburu honetan ere, Espainiako espetxeetan, aurrez aurreko bisita andana bertan behera geratu direla salatu du gaur
Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak. Horien artean, "Arkaitz Goikoetxearen ama bi hilabetetan espetxean sartu gabe egotearekin mehatxatu dutela" adierazi dute. Azkorriko gaztea Alacant aldeko Villena espetxean daukate, Getxotik 813 kilometrotara. "Egoera behin eta berriz errepikatzen ari da eta Etxeratetik neurri hauek sortzen dizkiguten mespretxua berresten dugu. Asteak pasa ahala, egoera berri eta larriagoen aurrean gaude: ume txikiak katxeatu nahi dituzte, senide eta lagunak paretaren kontra jarri nahi dituzte, biluzi arazteko aukera argi adierazten duten afixen agerpena, elbarri bat muleta gabe utzi eta frakak kentzera derrigortzea edo senide batzuk bi hilabete espetxean ez sartzearekin zigortzea", salatu dute presoen senideek. Argazkian, Arkaitz Goikoetxearen irudia, elkarretaratze batean.