Vicrila diruz laguntzea eskatuko dio Aldundiari Leioako PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 17a, 20:20

Lamiakoko Vicrila fabrikako langileei elkartasuna adierazi die gaur Xabier Olabarrieta Leioako PPko bozeramaileak. Ildo horretan, Bizkaiko Batzar Nagusietan arauz besteko proposamena aurkeztuko dutela iragarri du ordezkari popularrak. Bere hitzetan, "beharginek enpresa erosteko asmoa dutela, ahal den neurrian, Aldundiak teknikoki zein ekonomikoki lagun ditzala" eskatzea litzateke horren helburua. Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen balizko operazio horri babesa emango diola. Kontua da, Olabarrietak aipatutakoa ez dela erabat zuzena. Izan ere, azken berrien arabera, Vicrilako egungo zuzendariek erosiko lukete Lamiakoko lantokia, eta ez beharginek. Hala ere, Leioako PPko bozeramaileak jarritako adibidea ez da txarra. Ordezkari popularraren arabera, "orain hilabete batzuk, ekainean, bi milioi euroko diru-laguntza eman zitzaion Pastguren (Zalla, Bizkaia) enpresari, aurrekaria ezarriz horrela". Olabarrietak dioenez, "beraien arazoak konpontze aldera, gutxienez, kontuan hartuak izateko eskubide bera daukate gainontzeko enpresek". Argazkian, Vicrilako langileak, abenduaren 10ean, Lamiakon barrena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun