Algortako Portu Zaharrean erreko dute aurten Olentzero

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 17a, 13:23

Olentzeroaren etorrera ospatzeko, urtero bezala, umeei eta nagusiei zuzendutako hainbat ekitaldi antolatu dituzte herri-batzorde ezberdinek, Getxoko Udalarekin elkarlanean. Tartean antzerkiak, musika eta jolasak izango dira. Ekitaldiak abenduaren 23an eta 24ean egingo dituzte, eta bestalde, urtero bezala, Udaleko Euskara Zerbitzuak Olentzero zein Errege Magoei idazteko 15.000 eskutitz argitaratu ditu. Horiek ikastetxeetan eta udal egoitzetan hartu ahal izango dira. Berrikuntza bat aipatzearren, aurten, Algortako Portu Zaharrean erreko dute "Horra, horra!" herri-batzordeak prestatutako panpina. Urteetan zehar, San Nikolas plazan eman izan diote sua. Kontua da, bertan, Getxo Antzoki berria altxatu eta lur azpikoko parkinga jartzeko lanak egiten ari direla. Argazkian, Olentzero Areetako Eskoletako plazan erretzen / © Getxo.net.

Algorta

Besteak beste, Algortan, 18:00etan hasiko dira ekitaldiak asteazkenean, Zabala eskoletan, Zirika Zirkus pailazoen emanaldiarekin. Ordu bat geroago bertso saioa egongo da Telletxe plazan eta, toki berean, baina 20:00etan musika saioa izango da “Erdizka lauetan” taldearen eskutik. Euskal dantzak ikasteko eta dantzatzeko aukera egongo da, beraz.

Hurrengo egunean, 12:00etatik 14:00etara puzgarriak, hankapaluak, haurrentzako jolasak eta Olentzero panpina eta gutunak bidaltzeko postontzia izango dira Telletxen. Gainera, fruitu lehorrak banatuko dituzte plazara hurbiltzen direnen artean. Bestalde, 17:00etan hasiko da Olentzeroaren kalejira, Villamonten. 19:30erako Portu Zaharrean izango da eta 20:00etan erreko dute.

Areeta

Hilaren 23an Txoborro magoa izango da 19:00etan, Eskoletako plazan (eguraldi txarra egiten badu Berantzagi dantza taldearen lokalean). Magia eta umorea eskainiko ditu, esate baterako, txinatar itzalen, malabarismoen eta globoflexiaren bitartez.

Ostegunean, 11:00etan, Olentzero, perretxiko, fosil eta abarren erakusketak izango dira, haurrentzako tailer batzuekin batera. Ordu berean erromeria hasiko da, txistulariek, trikitilariek, albokariek, txalapartariek eta dultzaineroek alaituta. 11:45ean Juan Manuel Etxebarriaren “Gabonetako euskal ohitura eta ipuinak” entzun ahal izango dira eta, ordu erdi geroago, Berantzagi dantza taldeak emanaldia eskainiko du. 13:00etan bertso saioa izango da Algortako Bertso Eskolaren (ALBE) eskutik eta, 14:00etan, Gabonetako otarraren zozketa. 18:30ean Berantzagi taldearen dantza emanaldia eta Olentzeroaren kalejira hasiko dira, betiko ibilbidearekin. Amaitzeko erre egingo dute.

Getxo

Kiki eta Koko pailazoek “Txintxilintxin bakea egin” ikuskizuna eskainiko dute abenduaren 23an, 17:30ean hasita, Malakaten (eguraldi txarra egiten badu Geroa ikastolan izango da). Amaitutakoan, jaia izango da, txistorra jana, burruntzia eta musikarekin.

Hurrengo egunean, 17:00etan hasiko da Olentzeroaren kalejira kiroldegian eta amaiera 19:15ean izango da Malakaten, sua eta txokolate janarekin.

Itzubaltzeta / Romo

Asteazkenean, Boronitatik jaitsiko da 17:30ean Olentzero, kalejiran, musikak lagunduta, eta Kolas plazara iritsitakoan, umeen gutunak jasoko ditu. Geroago, txikienentzat “Musika tresnen fabrika” ikuskizuna izango da Sointek taldearen eskutik Aurrezki Kutxa kalean, 19:00etatik aurrera. Musika tresnen fabrikak musikak duen garrantzia erakutsiko du; baita pausoz pauso musika instrumentu bakoitza nola erabiltzen den ere. Horretarako, haurrek, oso ezagun dituzten abestiak dantzatu eta kantatuko dituzte.

Ostegunean, 13:00etan, trikitilariek Itzubaltzetako kaleak alaituko dituzte; 14:30ean herri-mokadua izango da San Jose elizako arkupeetan eta, Olentzeroaren kalejira, 17:30ean hasiko da. 19:30ean, dantzen erakustaldia eta Olentzeroaren erretzea izango dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun