Atzo arratsaldean Bizkaiko Hamaikabaten biltzarra egin zen. Alderdi abertzale instituzionalistak jakinarazi duenez, Izaskun Trabudua Llona 45 urteko erandioztarra alderdiaren Bizkaiko presidente hautatua izan zen eta Xabier Irazabal gernikarra, berriz, presidenteorde. Trabudua pedagogian lizentziatua izateaz gain, Eusko Alkartasuneko Bizkaiko Lurralde Batzordekide ohia da. Gainera, 2000 eta 2007 bitartean Gizarte Ekintza zinegotzia izan zen Erandion bertan. 2007ko udal hauteskundetan EAren zerrendaburua izan zen, baina ez zituen behar beste boto eskuratu zinegotzia izateko. Pasa den ekainaren 2an, "abertzaletasuna berrindartzeko" asmoz, Eusko Alkartasuna utzi eta Alkarbide sortuko zutela jakinarazi zuten alderdi sozial demokratako Gipuzkoako zenbait diputatu eta legebiltzarkidek. Hiru aste beranduago, gerora Hamaikabat izango zeneko eratze prozesuan Talde Sustatzaileko kide gisa aurkeztu zuten Trabudua. Argazkian, Izaskun Trabudua 2007ko udal kanpainaren kartel batean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!