Errusiako hiru eskualde horietako agintariei Euskal Autonomi Erkidegoan gaitza kontrolpean dagoela ikustarazten saiatu ziren Bikarteko arduradunak, eta beste herritar guztiek bezala errusiar umeek ere beharrezko osasun babesa izango zutela. "Ahalegin horietan, Eusko Jaurlaritzak gogor ekin zion. Hala eta guztiz ere Errusiako administrazioak 63 ume hauek harrera programatik kanpora ateratzeko erabakiari eutsi zion", gaineratu dutenez.
Udako programa prestatzen
Dagoeneko 2010eko uda programa antolatzen ari da Bikarte: aldi baterako, harrera horretan parte hartzeko prest egongo liratekeen 40 familia berriren bila dabil elkartea. Hori dela eta, batzar informatiboa antolatu dute interesaturik egon daitezkeen sendientzat. Bilera bihar bertan, abenduak 18, egingo dute, Gabonetan abegian hartutako umeak Loiura heldu baino ordu batzuk lehenago. Hitzordua 19:00etan jarri dute, Deustuko udal zentroan, Bilboko Agirre Lehendakaria Etorbideko 42. zenbakian. Beste hainbat batzar ere prestatzen ari da abendu eta urtarrilerako Bikarte, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste horrenbeste udalerritan. Udan 130 neska-mutil ekarri nahi ditu gurera errusiar umeen harrerarako elkarte ongileak. Dagoeneko lehenik ere haurrak hartu dituzten 90 familia badauzkate. Horregatik behar dituzte beste 40 sendi.