Gaur Bizkaiko egoitza, eguneko zentro, eta babes-apartamentu pribatuetan egindako lanuzteak "oso positiboki" baloratu ditu CCOO sindikatuak. Besteak beste, lanuzteak Erandioko Igurko-Unben eta Barrikako Udazkena eta Elorduy egoitzetan burutu dira. Guztira, 25 bat zentroetan izan du eragin handia ELA, LAB, UGT eta CCOOk deitutako protestaldiak. Sindikatu espainolaren arabera, patroiek "gogoeta eginarazteko" baliagarriak izango dira gaurko mobilizazioak, goizeko 10etatik 12etara eta arratsaldeko 4etatik 6etara egindako lanuzteak eta elkarretaratzeak, alegia. Izan ere, sektoreko lan-baldintzei buruzko negoziazioetan ugazabek inolako eskaintzarik egin ez dutela salatu du CCOOk. Horretarako, enpresaburuek Foru Aldundiari leporatzen diote errua. Era berean, CCOOk kritikatu du Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxiengo zerbitzuak gehiegikeria izan direla. Lau sindikatuek ez dute baztertzen mobilizazioak indartzea. Argazkian, Barrikako Elorduy nagusien egoitza.