Erakusketa bisitatzeko era
Urtarrilean, ikastetxeetako ume eta gazteak eraman nahi dituzte erakusketa ikustera eta, bide batez, Zientzia eta Teknologia Fakultatea bisitatzera. Bisita partikularrak ere egin daitezke. Nolanahi ere, komenigarria da kide ugariko taldeek aurrez horren berri ematea. Edozein zalantza izanez gero, eta taldeko bisitak egiteko izena eman nahi izanez gero, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Estrategia eta Paleontologia Saileko Xabier Murelagarekin jarri behar da harremanetan, xabier.murelaga@ehu.es helbidean.
"Koloso Jurasikoak" erakusketak informazio panel entretenigarriak, jatorrizko dinosauro fosilak, dinosauro hezurren erreprodukzioak eta ikus-entzunezkoak eskaintzen ditu. Hori guztia munduko dinosaurologian ezagunenak diren Jurasiko amaierako eta Kretazeo hasierako formazio geologikoetako hirurekin erlazionatuta dago. Formazio horiek bertan aurkitutako dinosauro aztarnategien kopuruagatik dira enblematikoak; honako hauek dira: AEBetako Morrison formazioa, Tanzaniako Tendaguru formazioa eta Espainiako Villar del Arzobispo formazioa.
Europako dinosaurorik handiena
Errepliken artean, aparteko zenbait eskeleto elementu egongo dira ikusgai, besteak beste, Europako dinosaurorik handienaren (Turiasaurus riodevensis) aurreko hanka eta Teruelgo herrietan aurkitutako oinatz mota ezberdinak. Horrez gain, AEBetatik ekarritako jatorrizko sauropodo fosilak ere ikusi ahal izango dira. Era berean, erakusketak Camarasurus sauropodoaren berreraikuntza ere izango du, 1:6 eskalan, baita bost metroko luzera zuen Camptosaurus ornitopodoaren eskeleto osoaren erreplika bat ere.