Metroko bost bagoiko lehen trena hasi da zirkulatzen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 18a, 01:16

Atzo, osteguna, goizeko 7:21an abiatu zen Metro Bilbaok Sopelan duen tailerretik bost bagoiko lehen trena. Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) eta Metro Bilbaok lau hilabete baino gehiagoko prestaketa plana bete zuten horrela, lehen 600 saileko trena (UT600) egokitzekoa, alegia. Tren horiekin hiri trenaren edukiera edo garraio ahalmena %25 handitu da. 2008ko otsailean hasi ziren bosgarren bagoiak fabrikatzen, CAF enpresari esleitu zionean UT600 unitateei erantsiko zizkien lehen bederatzi atoiak egiten, eta UT500ekoei gehitzeko beste 13ak egiteko lizitazioa hasi zen gero. 2009ko ekainaren amaieran lehena jaso zuen Metro Bilbaok Sopelako tailerrean, doitzeko planari ekiteko. Herenegunera arte, bost bagoiko bi trenekin egiaztatu eta ziurtatu dira trenean eta Metro Bilbaoko 1. eta 2. lineatako seinale sisteman egindako aldaketa teknologikoak. Argazkian, metro bat Areetako geltokian.

Bosgarren bagoia martxan jartzeko programan hiru fase ezarri ziren: proba funtzionalak, Sopelako tailerrean abuztuan eta irailean egin zirenak; trenaren prestazioen probak, irailetik abendura bitartean egin zirenak, gauez; eta, azkenik, "berrogeialdia" ohiko zerbitzuan, atzo hasi zen fasea, alegia. Metro Bilbao, BGP eta CAF fabrikatzaileko teknikariak ibili ziren atzo tren horretan zelan dabilen zaintzen eta balizko gorabeherei aurre egiten.

Gainerako trenak martxan jartzeko egutegiaren arabera, otsailaren hasieran bost bagoiko beste tren bat sartzea aurreikusi dute. Gainerako trenak apurka gehituz joango dira bidaiarien zerbitzuan 2010ean zehar, bi tren hilean, gutxi gorabehera. Aurreikusitako planaren arabera, uda baino bost bagoiko bederatzi UT600 arituko dira ohiko zerbitzuan, eta bigarren seihilekoan gainerako 13ak erantsiz joango dira metroaren trenen lehenengo belaunaldiari -500 saileko trenei- lotuta.

Metro Bilbaoren ibilgailuen parkea osatzen duten 46 trenetatik 22tan bosgarren bagoia ezarriz metropoliko trenaren "bezeroen puntako orduetako erosotasuna areagotu nahi" dute. Metro Bilbao zirkulatzeko koadro berria diseinatzen ari da, 90 metroko luzerako tren horiek eskaririk handieneko guneetan eta orduetan ibil daitezen. Bost bagoiko trenetan 718 pertsona sartuko dira, oraingoetan 570 sartzen diren bitartean.

Dena "aurreikusita" egon arren gastu handia eragin du bosgarren bagoiak

Metro Bilbaok adierazi duenez, "Bilbon metroa sortu zenean ere aurreikusten zen bosgarren bagoia gehitzea. Norman Fosterrek diseinatutako geltokien dimentsioak eta ibilbidearen diseinua egokiak ziren tren handiagoak ere ibiltzeko". Hala ere, bagoi hori eransteko makina bat aldaketa egin behar izan dira Bilboko metroaren instalazioetan, 3,5 milioi euroko inbertsioarekin. Gastu horren %70 aldez aurretik seinaletan egin ziren aldaketetan (sistemak lau ala bost bagoiko trena igaro den igarri behar du) eta metroko tailerretan egindako aldaketetan joan da.

1995eko azaroan 500 saileko 24 trenekin hasi zen Metro Bilbao. Zazpi urte geroago, eta 2. linea ireki zenean, beste 13 tren gehitu zitzaizkion zerbitzuari. Aurten azkeneko belaunaldiko beste bederatzi tren -UT600- sartu dira. Gaurtik aurrera metroko ibilgailu sorta doitzeko azkeneko prozesua abiatuko da, 30,8 milioi euroko inbertsioarekin, 22 bosgarren bagoiak apurka sartzeak balio duena.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun