Legez kanpokotzat jotako 14 txaletak antolamendutik at izendatzea onartu du Barrikako Udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 18a, 10:34

Atzo egindako osoko bilkuran, Barrikabaso inguruko Muriola eta San Telmo guneetan altxatutako luxuzko 14 txaletak "antolamendutik at" izendatzea erabaki zuen Barrikako Udalbatzak. Hori zen Txipio Bai talde naturalistak jarritako baldintzetako bat, Espainiako Auzitegi Gorenak "legez kanpo eraikiak direla" berretsi ostean. Atzoko erabakia egikaritzen badute, ekologistek ez dute aipatu txaletak botatzea eskatuko. EAk eta PPk aurkeztutako urgentziazko mozioari oposizioko bost zinegotziek eman zioten babesa, EAJko lau ordezkarien iritziaren kontra. Azaroaren 25eko udal batzarrean, "kostaldea babesteko konpromisoa" barne hartzen zuen proposamena aurrera atera zuten jelkideek. Hala ere, horrek ez zuen txaleten etorkizuna zein izango zen argitzen eta, horregatik, hartutako erabakia "lotsagarritzat" jo zuen Txipio Baik. Kontua da aipatu osoko bilkurara ez zirela EA eta Ezker Batuko zinegotzi bana agertu; lehenengoa lanean omen zegoelako eta bigarrenak ez zuelako oraindik kargua hartu. Atzokoan, ordea, ordezkari politiko guztiak batu ziren, urtean bigarren aldiz. EAJk 4 zinegotzi ditu; EAk 2; eta PSE-EEk, PPk eta Ezker Batuak bana. Argazkian, Auzitegi Gorenak legez kanpo jotako txaletak / © Barrikako EA.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun