Egindako lanaren emaitza dira eskuratutako sariak: aurten, azkena, irailean Arezzon (Italia). Adituen arabera, munduan ospatzen diren bost lehiaketa hoberenen artean dago Italiakoa. Kantikak, Guido d’Arezzo lehiaketan, gazte mailan, urrezko domina irabazi zuen. Antolakuntzak gonbidatu zuen Leioako abesbatza, nazionalitate ezberdinetako beste 15 talderekin lehiatzeko. Txapelketa horretaz gain, beste hainbatetan ere parte hartu du Kantikak, hala nola, Portugalen, Frantzian, Islandian eta Mexikon. Interpretazio mailan kalitate gorena du, baina, baita eszenaratze mailan ere. Kantika, abesbatzen generoa aberasten duen musika pieza zaharrak berreskuratzeagatik, enkarguz konposatzeagatik eta estreinatzeagatik nabarmentzen da. Era horretara, Eva Ugalderen "Iratxoa" edo Albert Alcarazen "Laminak" enkarguz konposatutako kantuak dira. Leioako koruak John Rutter ingelesaren "Mass f the Children"-en estreinaldian ere parte hartu du.
Egitaraua
2009ko Gabonetako kontzertuan "Gabon gabean" edo "Goazen, goazen, guztiok" bezalako euskal kantu tradizionalak entzun ahal izango dira. Horretaz gain, Jose Ignacio Ansorenak, Garikoitz Mendizabalek eta Gorka Zabaletak abesbatza estiloan eta txisturako moldatu dituzten beste abesti batzuk ere interpretatuko dituzte Bilboko Udal Txistularien Bandak eta Kantikako neska-mutilek. Bai udal banda, bai abesbatza, bakoitza bere zuzendariaren agindupera arituko dira: Garikoitz Mendizabal bera eta Basilio Astulez, hurrenez hurren.