Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. atalak 46 urteko espetxe zigorra ezarri die Irantzu Gallastegi Berangoko euskal preso politikoari eta bere bikotekide Xabier Garcia Gaztelu "Txapote" galdakoztarrari, Jose Ignacio Iruretagoyena Zarauzko PPko zinegotziaren hilketa egotzita. 1998ko urtarrilaren 9an, bonba-auto batek eragin zion heriotza ordezkari popularrari.
Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldu duenez, Iruretagoyenaren senideei kalte-ordaina ere eman beharko diete: Maria Jose Imaz Aizpuru zinegotziaren emazteari 1.652,78 euro ordaindu beharko dizkiote kalte materialengatik eta 200.000 euro kalte pertsonalengatik. Eta Eneko eta Mikel Iruretagoyena zinegotziaren semeei 100.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diete. Horretaz gain, beste 952,44 euro eman beharko dizkiote Zarauzko Udalari. Era berean, ezin izango dira Iruretagoyena familia bizi den tokira hurbildu, edo behintzat 500 metroko tartea zaindu beharko dute. Epaiketa maiatzaren 28an egitekoa zen, baina
bista bertan behera uztea eskatu zuen Blanca Martinez fiskalak, deklaratu behar zuen "lekuko nagusietako bat" ez zegoelako. Azkenean, abenduaren 10ean epaitu zituzten. Argazkian, Gallastegi eta Garcia Gaztelu 2006ko ekainean egin zieten epaiketan / publicdomain
Etengabe.