Metro Bilbaok zerbitzu bereziak jarri ohi ditu "gertakari publiko interesgarriren bat" dagoen guztietan. Jendeari kasu egiteko eta segurtasuneko langileak ere gehituko dira. Izan ere, erabiltzaile samaldak espero dituzte astelehenerako: 350.000 joan-etorri baino gehiago izango direla aurreikusten dute, konpainiako arduradunek. Hain zuzen ere, 2007ko San Tomas egunean dago metroaren egun bakarreko bidaiarien errekorra, guztira 378.505 bidaia zenbatuta.
Fitori entzuteko zerbitzu berezia
Era berean, bihar, larunbata, Barakaldoko BECen Fito & Fitipaldis-en kontzertua (22:00) izango denez, beste zerbitzu berezi bat jarriko da martxan Metro Bilbaok, 17 tren gehiagorekin. Emanaldia amaitzen den orduaren arabera aurreratu ala atzeratuko da zerbitzu berezi hori.
Gabon Gaua eta Eguberria
Metro Bilbaok bezeroei gogorarazi die abenduaren 24ko eta 25eko tren zerbitzuak ez direla edozein lanegun edo jai egunetakoen berdinak izango. Ordutegia urte osoan eskaintzen denaren antzekoa izango bada ere, Gabon Gauean iluntzeko 9etan amaituko da, eta Eguberrian, berriz, goizeko 11etan hasiko da, gutxi gorabehera. Ondokoak izango dira lehenengo eta azkeneko trenak:
- Abenduak 24, osteguna: Gabon Gauean, azkeneko trenak Plentziatik, 20:20an; Santurtzitik, 20:40an; eta Etxebarritik 21:01ean Santurtzirantz eta 21:06an Plentziarantz abiatuko dira.
- Abenduak 25, ostirala: Eguberrian, lehenengo trenak Etxebarritik, 10:48an; Santurtzitik, 10:51n; eta Plentziatik, 11:00etan irtengo dira.