Bizkaiko Pala Txapelketako bi final jokatu ziren joan den larunbatean, abenduak 12, Sopelako Udal Pilotalekuan. Lehen norgehiagoka bigarren mailako paleta larruzko finala izan zen. Zubiri eta Urrutiak, Armintzako pilotari gazteek, erakustaldi aparta eman zuten eta 35-27 irabazi zioten Pobes eta Garmendiari, Barakaldoko bikoari. Bigarren partidan, lehen mailako pala motzeko finalean, Sopelako Kurene Elkarteko bikote bi aritu ziren nor baino nor gehiago: Garai-Ziskar eta Landeta-Garate II.a. Txapelketa osoan partidarik galdu gabe heldu ziren finalera bikote biak, norgehiagoka ugari jokatu ostean. Landeta eta Garate II.ak jantzi zuten txapela 40-35 irabazi ostean. Ikusmin handia izan zen eta 300 pertsona inguru bildu ziren, udal iturriek zehaztu dutenez. Giroa bikaina izan zen. Sari banaketan egon ziren: Imanol Garai Sopelako alkatea, Pako Eskalza Bizkaiko Federazioko presidenteordea; eta Mikel Uriarte Kurene Pilota Elkarteko presidentea. Argazkian, duda barik txapeldun handia dugu Landeta (ezkerrean): besteak beste, orain bost urte, 2004an, Pinuagarekin irabazi zuen Bizkaiko txapelketa / ©
Sopelana.net.