Joan den larunbatean, abenduak 12, banatu ziren Barrikako Udalak antolatutako gabon-postalen lehiaketaren lehenengo edizioko sariak. 7 eta 11 urte bitarteko haur eta gaztetxoek hartu zuten parte sariketan. Lehen saria jaso zuen postalak “Gabon zoriontsuak” du izenburua eta Ane Garcia Elorriagak egin zuen. Anek 10 urte ditu eta Barrikan bizi da. Hain zuzen, bere postalak zorionduko ditu barrikoztarrak, 2010eko Gabonetan. Bitartean, gaur bertan, Olentzerori buruzko tailerraz gozatu ahal izango dute Barrikako neska-mutilek. Barrikako Udalak sustatutako tailer horretan, txikienek eta ez hain txikiek Gabonetako postalak marraztu, Olentzerorentzako gutunak idatzi eta apainketarako faroltxoak eta kateak egiteko parada izango dute, besteak beste. Tailerra goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:00etara izango da, udaletxe barrikoztarrean. Argazkian, Ane Garciak marraztutako “Gabon zoriontsuak” postala /
© Barrika.net.