Igande honetan, abenduak 20, egingo dute Itziar Lopez de Uralderen Oroimenezko Lasterketaren 26. edizioa, Getxo Atletismo Taldeak antolatuta. Testigantzazko proba 10:30ean abiatuko da Fadura paretik eta, Berangoko mugetara iritsi ondoren, kiroldegira joango dira bueltan parte-hartzaileak. Bi kilometroko luzera du ibilbideak. Ordu erdi beranduago, berriz, federatuentzako lasterketari emango zaio hasiera, Faduran hasi eta amaituz. Guztira 9 kilometro dira. Ibilbidea aurreko urtekoen parekoa izango da, baina baliteke helmuga aldatzea:
Fadura kiroldegiko atletismo pistan obretan hasi dira jada eta baliteke lasterketaren amaiera belodromoan izatea. Ia 3.000 lagunek parte hartuko dute lasterketetan, antolatzaileek adierazi dutenez. Baina, kopuru aldetik ez ezik, kalitate aldetik ere ziurtatuta dago ikuskizuna: besteak beste, Magreb aldeko Samid Ait, Elmiloudi Dabhi, Etsub Kassahun, Hassan Rizh, Mohamed Gadmiqui eta Mohamed El Guarrah lasterkariek izena eman dute biharko proban. Argazkian, lasterkari bat beste proba batean / cc-by
Spinr.